Etorkizuneko ekintzak, zehaztuta

Udaberrian OND2020 hausnarketa prozesuko azken batzarrak egin ziren. Bertan, herriak dituen erronkak betetzeko plangintza zehaztu zuten arlo desberdinetako kideek.

Merkataritza eta turismo arloan proposatu ziren ekintzen artean, udalaren eta sektoreko ordezkarien arteko mahai iraunkor bat sortu beharra azpimarratu zen. Mahai horrek gai asko landuko lituzke: lizentziak, planak, garbitasuna, komunikazioa... Merkatarien eta ostalarien arteko foro bat sortu beharra ere aipatu zen, plan eta ekintza bateratuak egin eta koordinatu ahal izateko. Beste behar batzuk ere aitatu zituzten: establezimenduek bezeroen beharretara egokitzen jarraitu beharra, turismo plan bat egin, merkataritza turistentzako prestatu (hizkuntza desberdinak erabiliz edota herriari buruzko informazioa eskainita, adibidez), herrian erosteak herriko ekonomia bultzatzen duela erakutsiko duen kanpaina bat egin, Arrigorri ostatua zabaldu, eskualdeko produktuak eskaini bertoko jatetxe eta dendetan, eta eskualdeko 3 merkatari elkarteen arteko kolaborazioa bultzatu…

Arrantza eta industria arloan ere udalaren eta sektoreko eragileen arteko foro bat sortzea proposatu zen, baita sektorekoen arteko koordinaziorako foro bat ere. Lonjaren eta deskarteen gaia landu behar dela aipatu zuten, eta Ondarroa marka sortu behar dela, berton sartzen den arrainarentzako kalitate etiketa bat sortuta adibidez. Lan baldintzak hobetu eta sektoreak dauzkan hezkuntza beharrak identifikatu behar dira, arrantza eta aisialdia lotu, eta AZTIrekin batera ikerketan dauden proiektuen jarraipena egin behar da.

Amaitzeko, herritarrek batzar zabalean prozesua baloratu zuten. Hurrengorako Ondarroarrek lan egiten duten kanpoko enpresek ere prozesuan parte hartzea proposatu zuten, eta baita ikuspegi berritzaileak eman ditzaketen kanpoko beste eragile batzuk ere. Herrian falta diren azpiegituren planifikazio bat ere egin behar dela aipatu zuten. Udaleko batzordeek ere egin dituzte ekarpenak. Ingurumen batzordeak, adibidez, proposatu du herri inguruan dauden mendi-lurrak erostea, bertan basoa landatzeko eta bi helburu lortzeko: bata, herriaren paisaia hobetzea; bestea, etorkizunean biomasa propioa erabiltzea erregai gisa udal eraikinetan.

Planari jarraipena emateko batzarrak

OND 2020 hausnarketa prozesuan identifikatutako erronkak martxan jartzeko lan mahai ezberdinak antolatuko dira. Alde batetik, sektorekako mahaiak  jarriko dira martxan: arrantza foroa, merkataritza-turismo foroa eta jarduera berrietarako foroa. Bestalde, Garapen Batzorde mixto bat osatuko da erronken gainean ikuspegi orokor batekin lan egiteko. Garapen Batzorde honetan udal ordezkariez gain (politikoak eta teknikoak) sektore ezberdinetako eragileek ere parte hartuko dute.  Hau da,  arrantza sektoreko eta merkataritza-turismo arloko lan taldeko ordezkariak ere batuko dira eta baita jarduera berrien identifikaziorako lan mahaiko ordezkariak ere. Batzorde hauek guztiak –lau guztira- uda ostean hasiko dira batzen. Hausnarketa prozesuan bezala, planari jarraipena emateko fase honetan ere Leartibai Garapen Agentzia izango da Idazkaritza Teknikoa.

OND2020 prozesuaren txostena irakurri nahi duenak, liburutegian edo turismo bulegoan dauka eskuragarri.