INGURUKO MENDIAK

Euskal Herrian beti egon izan da mendirako zaletasuna, eta Ondarroan ere guztiz sustraitutako kirola da, dudarik gabe. Zaletasun hori normala dela esan dezakegu herri-guneko eremutik hurbil-hurbil mendiak ditugulako.
Ondarrutar batzuk beti joan ohi dira Aurrera Mendi Taldeak zein inguruetako taldeak antolatzen dituzten mendi irteeretara. Beste batzuek, aldiz, aipatu bezalako irteera antolatuak baino nahiago izaten dute bakarka edota talde txikietan ibiltzea. Batzuek zein besteek oso ondo ezagutzen dituzte Euskal Herriko mendi tontor ospetsuenak.
Baina badaude baita ere kanpora gehiegi atera ordez, Ondarroa inguruetako mendietan ibiltzearekin gustura geratzen direnak, erregulartasun batekin edota noiz behinka irteera motzak egin eta konforme geratzen direnak.
Egitasmo honen helburua Ondarroa inguruko mendietan zehar ibiltzeko fitxak prestatzea da, ohikoak diren mapaz gain ibilbideko zenbait puntu estrategikoren xehetasunak eta argazkiak txertatuz.
Uste dugu aproposa izan daitekeela mendian hasi berriak direnentzako edota ibilbideak behar bezain ondo ezagutzen ez dituen ororentzako, izan ere, ibilbide guztiko xehetasunak izango lituzkete, argibideak bidegurutzetarako, eta abar.
2013. urte honetan bi ibilbide prestatzeko konpromisoa hartu dugu, eta hurrengo urteetan ibilbide berriak prestatzen jarraitu eta bilduma osatzea da helburua.
Horretarako, Aurrera Mendi Taldearen laguntza ezin hobea izan dugu, ibilbideak zehazteaz gain, besteak beste, GPSarekin hartutako datuekin mapak prestatu baitizkigu. Eskerrik asko bada Aurrera Mendi Taldeari eskainitako laguntzagatik.
EZAGUTU DITZAGUN ONDARROA INGURUKO MENDIAK!!
GOZA DEZAGUN MENDIAREN EDERTASUNAZ!!
EGIN DEZAGUN KIROLA NATURAZ GOZATUZ!! 

1 - Kalamendira irteera

1B- Kalamendira irteera

2 - Tontorramendira irteera 

2B - Tontorramendira irteera