Organización

 

Herriko ekonomiaren diagnostikoa egin dute ondarroarrek

 

Herriko jende desberdina batu da OND2020 prozesuan, Ondarroaren egoera ekonomikoaren azterketa egin eta irtenbideak bilatzen ahalegintzeko. Hiru batzar egin dituzte, bakoitza arlo bati zuzenduta, azaroa eta abendua bitartean. Guztira 90 pertsonek parte hartu dute.

Lehen batzarrean herriko komertzioa eta turismo arloko profesionalak batu ziren. Herrian lanpostu asko sortzen dituen sektorea da hau. Euren arloan pauso garrantzitsuak eman direla azpimarratu zuten batzarrera urreratu zirenek: ondo antolatuta daude, azpiegitura bat osatzen joan dira eta herritar eta kanpotarren erantzuna ere hobetzen joan da. Herriak ere aukera onak eskaintzen dituela azaldu zuten: herri euskalduna eta arrantzalea da, identitate handikoa; kostaldean kokatua dago, hondartza eta mendia ditu, eta alde zahar erakargarria ere bai; eta kaleko bizitza handia dauka. Gainera, sektore honek herriko emakume askori ematen die lana.

Hobetu beharreko aldeak ere azaldu zituzten: krisiak sektorea nahiko ahulduta laga du, alokairuen prezioak ez du laguntzen, eta inguruko herrietan ezarri diren zentro komertzial handiek ere eduki dute eragin txarra herriko komertzioan; herriak azpiegitura falta ere badaukala aipatu zuten: aparkatzeko tokirik ez, errepide eskasak... kaleen txukuntasuna hobetu beharra ere azpimarratu zuten. Amaitzeko, autokritika ere egin zuten: sektoreak berritzen jarraitu behar du, formakuntza jasotzen, teknologia berrietara egokitzen eta antolaketa hobetzen.

Arrantza, indarra galtzen

Bigarren batzarrean arrantza eta industriako ordezkariak batu ziren. Euren arloan dauden alde positiboak azpimarratu zituzten: arrantza sektoreak esperientzia handia dauka, eta izen erreferentziala ere bai. Izen hori gehiago erabili behar dela aitatu zuten. Portuan arrain freskoa sartzen da, kalitate handikoa, eta horren eskaria handituz doa. Kanpoko txalopak ere sartzen dira, handizkako eskari handia dagoelako. Flota berritua ere badauka Ondarroak.

Sektoreak oztopo handiak ere baditu: kuotek arrantzatu daitekeena mugatzen dute, gastuak handitzen doazen bitartean. Ondarroako portua ez dago modernizatua, eta konpetitibitatea galtzen doa. Lan baldintzak ere hobetu egin behar direla azpimarratu zuten, jende berria erakartzeko. Amaitzeko, hurrengorako eskari bat ere egin zuten batzarrean egon zirenek: etorkinek ere parte hartu behar dutela hausnarketan, euren ikuspegia eman ahal izateko.

Herritar guztiei zabalik egin zen hirugarren batzarrean beste hainbat ideia proposatu zituzten: portua enpresa berrien kokaleku izatea, baita aisialdirako zerbitzuena ere; sektore berriak indartzea (adibidez, akuikultura); turismo kultural eta naturala bultzatzea; jatetxe eta ostatuen zerbitzua handitzea...