Noticias

 
Ondarroan gertatu berri diren lur mugimenduen ondorioz, etxetik irten behar izan duen herritar andanaren beharrei so, udalerrian azken urtean erabilerarik izan ez duten etxebizitzen katalogoa egin du udalak Gaindegiaren metodologia berritzaileari esker. Azterketaren emaitzen arabera, bataz beste 60 urteko antzinatasuna eta 83m2 dituzten 203 etxebizitza huts daude Ondarroan.
Iragan martxoaren hasiera aldera gure udalerrian gertaturiko lur mugimenduen ondorioz etxetik irten behar izan duten 176 familien beharrak ikusita, Ondarroako Udala Gaindegiarekin -Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako Behategia- jarri zen harremanetan etxebizitza hutsen inguruko azterketa egiteko.
Gaindegiak etxebizitza hutsak lokalizatu eta katalogatzeko garatua duen lan metodologiaren bidez, Ondarroan azken urtean erabilerarik izan ez duten etxebizitzen unibertsoa ezagutzen laguntzeko azterketa eta katalogoa burutu du udalak.
Modu honetan, udalak segituan ezagutu du zenbatekoa den etxebizitza hutsen unibertsoa, non kokatzen diren berauek, noiz eraiki diren eta zein azalera duten. Informazio horrekin, etxebizitza beharrean dauden Ondarrutarrei irtenbide bat eskaintzea da lehen helburua.
Katalogo honen bidez, beraz, batzuk eta besteak elkartzen saiatzeko tresna dugu ondarrutarrok eskura. 203 etxebizitzen unibertsoa eskutan, hauen merkaturatzea ahalbidetzeko jabekideen prestutasun eta aukerak zehazteko inkesta bat egiteko bidea zabaltzen zaio udalari.