Ondarrutar idazteko proposamena

ONDARRUKO BERBETI IDAZTEKO OIÑARRIZKO GIXIN PROPOSAMENA

Hau artikuluau, ondarrutarrez idatzieran ebilli geinkezen “araun” ingurun ein douen biharran laburpena da, “ Ondarroako herri-hizkeraren ezagutza eta erabilera bultzatzeko ” Ondarruko Udaleko Euskara Zerbitzuk konboka' ban bekiai esker. Proiektu gauzatzen hasi giñanin, gure bihar nausixe lexiku berreskuratzeko fitxa pedagojikuk lantzi ixango zala pentsaten gendun, baiñe seixan konturatu giñan arazo bat geunkala, horreik fitxok idatziz nahi bagenduzen eiñ, ondarrutarrez idazteko era bat topa bihir gendulako. Eta halantxen, ondarrutarrez idatzitte dazen testuk aztertzen hasi giñan, edo bizkaieraz idatzitte eon arren, ondarrutar lexiku ebiltte' benak. Eta konturatzen jun ga hasiera baten alperriko bihartzat be joten gendune, merezi daben bihar bat dala, eta premiñazku gaiñea. Alde batetik, euskeri arautzeko dazen erakundiai gusta ala ez, ondarrutarrok ondarrutarrez idazte' tsauelako alkarrei, eta gerua ta gehixa korreo elektroniku asma zanetik. Bestetik, herriko aldizkaixetan be badalako ondarrutarrez idazteko joeri: Aixe Bolari aldizkaixan elkarrizketan trankipziñoik eitteko ebiltte' ben gehixen bat; Arranondo n, adibidez, berba soltik eta ixenburuk topaten douz, herriko berbai eta esakerai buruzko artikulukin batea; Ondarroa urtekaixan ondarrutar peto-petun idatzittako testuk argittaratu ixan di, Ana Urkizan eskutik gehixen bat; eta Bolo-bolo n, artikulo osuk topaten douz ondarrutarrez, eta baitte geure berbetan idazteko eskubidi aldarrikatzen daben gutun bat 2. zenbakixan: “ Zeatxik ez ondarrutar? ”; Udal Barriak udalan aldizkaixan, buzoin edo telefonoz jasotako keja eta eskarixak transkribiute' ittuez; Hitza egunkaixan, zoixonan atalin agertzen da gure berbeti; eta udaletxetik be paper bat baiño gehixa partiu ixan da ondarrutarrez idatzitte. Azken aldixan gaiñea, premiña barrixak sortu di, ahozko histoixin arlun batutako grabaziñoik transkribiuteko ordun, adibidez; edo antzerki maillan, ondarrutarrez ein bihir din eszenak idatzieran... Eta bat baiño gehixa etorri gazku landu douen proposamenan eske, euran taldin –edo pertsonalki- ondarrutarrez idazteko ohitturi edo premiñi dakarrelako, eta zeozelako estandarizaziñoi bat bihir dabelako, besteik ez bada be barne koherentzixa bat gordeteko. Ordun, argi da ondarrutarrez idatzi eitten dala, eta ondoixoz, merezi dabela zeozer eitti sortu dizen premiña barrixai erantzune emoteko.

Hurrengo galderi de: ondarrutarrez idatzi arren, merezi dau edota komeni de ondarrutarrez idazteko arau batzuk ipintti? Eta burure etorten gazkun lehelengoko erantzune da: arauk, zemat eta gitxia hobeto, eta ahal danik eta sinplienak. Arauk gaiñea, inposatutako zeozerren kutsu dauke, eta araudi modun baiño, nahixa dou hau proposamenau “oiñarrizko gixa” lez aurkeztu. Lehen ez gazku ba nahiku arau aillaten Labayru eta Euskaltzaindittik, on ondarrutarrez idazteko be arau barrixak ikasten hasi bihir ixateko. Bakoitxak idazti daukela berak nahi daben modun, azken fiñin geure artin araurik ipiñi baik ulertzen baga, zetako bihir douz ba, arau gehixa? Honen ikuspegixonen arabera, ondarrutarrez idazti, hain xuxen be, norberak nahi –edo ahal- daben modun idazti de. Eta gu ez ga iñor hori eskubidioi ukatzeko! Baiñe idazti, berez, arautze konplejo bateandik askatu ezin leiken prozeso bat da: ure, U+R+E idazten badou, euskeraz, Ondarrun behentzat , U “u” ahoskaten douelako da, “R” bokal artin dunin dardarkaixan soiñu biunaz ahoskatzen douelako, eta “E”, “e”. “R” letrin soiñu arbitraixu balitx euskeraz (hau de, ez baleo arautute), irakurlik ez leuke jakingo “ule”, “urre”, “ume” edo “utse” ahoskatu bihir leuken. Beste eztabaida bat ixango da, alkarreaz komunikateko sortu douen arau multzuau egokixe dan, hobetu leiken e.a. Baiñe idatzi araurik baik, ezin leiken gauza bat da, kotxe bat errubera baik ez dabillen modun.

Ixan be, araurik baik gabizela pentsa arren barne koherentzixa bat gordeten saiatzen ga, eta arau batzuk jarraittu eitten douz, belar leherkaixe idatzieran “K” ebiltten douelako beti -“eukan”-, eta iñoix bez “C” –“eucan”-. Hortik aurrea, bigarren maillako arauk daz, batzutan errespetaten douzenak eta beste batzutan ez, bakoitxak dakixenan arabera normalin: hauxe ixan leike “Z” eta “S”n arteko bereizketin kasu, idatzi bardiñin topa geinkezelako ondo idatzitte dazen berbak “asmuaz / zuzen”, eta okerreta dazenak “zeixan/keskiai”; TZ/TS, ondo (lantzin/pentsaten) eta dudi danin TZ normalin (jakintzu, ezeidotzan); H, dakiauenin bai (Horretako, herriko, biharra...) eta dudi badakau, bapez (ille, ain, geixa, utsitxu...) . Hirugarren mailla baten, berbak banatzin ingurun, araurik ez da jarraitzen, hau de, belarrire jote' skun modun idazten dou –bakoitxan belarrire, karo-, batzutan berbak lotute, eta beste batzutan lotu baik: “erantzun ben, famau zan, luzatu tsen / erantzutsenin, junzin, esaztenez”. Eta amaitzeko, badaz ezjakinttasunez baiño gehixa inertzixaz, beti “TX”az idazten douzen berbak: bitxartin, zubitxik, gelditxu... Gure ustez egokixaua ixango litxakezenin: bittartin, zubittik, geldittu... Ixan be, berba bat “TT”az ala “TX”az idatzi bihir douen jakitxi, “H” daruen berba guztin zerrendi ikasti baiño askoz errezaua da; gehixenetan bera berbi batun ahoskatze hutsak emote' sku erantzune: garbitu > garbittu / etxea > etxi.

Hauxe adibidiau ebilliko dou, hausnarketa sakonauatan sartzeko. Egixe esan, gerua ta jente gitxia geatzen da “TT” soinu ahoskatzen dabena, eta berba batzuk bakarrik: aitte, aittatu, itto... Belaunaldi barrixak ostea, “atxe, atxatu (edo komenta), itxo” esaten dou. Zetako ebilliko douz bi letra, soiñu bakarra dabiauenin? Gaiñea, “TT”n soiñu ez da “TX”, bustittako “T” baiño. Ados gaz. Baiñe hau erabaixau arau bihurtzen badou (eta idatzieran beti TX ebiltten badou, seiñali arau bihurtu douena), ondoixoz dator beti “Z”z edo beti “S”az idazti, honen bi soiñuon arteko desbardinttasune be aspaldi galdute dakauelako ; eta “TZ” eta “TS”n arteku be bai. “Z” gehixa ebiltten danetik “S” baiño, “Z” eta “TZ” idazti proposatu leike. Eta bihirbada, “H” be kentzi. Eta olan ez genduke arazoik eukiko zoiñu bakoitxai dagokixon letri aukeratzeko zazoiñ. Azkoz errezaua ixango litxake idazti, buru kantzaten ibilli baik. Sinplifikaziñoin aldeko posturi ixango litxake, gaur egun bixi douen anabasin aurrin, irtenbide bat eskeiñiko leukena behentzat. Baiñe ez dou idatzi granoik topa halan idatzitte. Batzuk gehixa eta beste batzuk gitxia, baiñe danok saiatzen ga “herri” “H”az idazten, “sua” “S”az eta “kokota”, “K”z. Zeaittik ete da?

Argittu daigun ba, ondarrutarrez idazti, ortografixa maillan, ez dala araurik baik idazti, ezautzen douzen arauk jarraittute, eta ez dakiauzenak kontun hartu baik idazti baiño. Honek aukerionek, idazle bakoitxan mugak nun kokatzen dizen labarmentziaz gaiñ, ez dotsa bide argirik eskeintzen ondarrutarrez idatzi nahi dabenai, nahi edo ahal daben modun idaztine baiño. Honek erdibidionek ez dotsa laguntzen gure berbetiai merezi daben prestijixu lortzen, eta barregarri lagaten gaittu kanpotar irakurlin aurrin. Eta larrixena, bizkaieriaz eta batuaz zubixak apurtze'ittuz, alkarreaz ixelako harremanik ez baleukie modun, eta alfabetatze prozesun dabizenai (gaztik, gehixen bat), berbeti eta idatzixe, batak bestiaz zerikusirik ez dakarren mundo lez agertarazten dotsez.

Beste alderdittik be bada zer aldatu, bizkaieri standarizate biharretan dabizenak, ez dotselako emon ondarrutar azpieuskalkixai merezi daben leku euran gramatika liburutan (“gako” ez da aittatzen, “dotsut” bez...), edo hiztegixetan (“aume” eta “ixiko” ez di agertzen Bizkaiera eta Batua (b)uztarturik Hiztegixan ). Honen artikuluonen helburutaiko bat hoixe da, hain xuxen be: ondarrutarrez idaztin eta batun edo bizkaieraz idaztin arteko loturak sortzi, bakoitxe beran berezittasunakin, baiñe danak be hizkuntza bardiñan seme-alabak eta lobak dilako. Zeozelan ixatekotan, azpieuskalkixak ixango litxakez arbasuk, euskalkixak seme-alabak, eta batu, aittitte eta aume guztion artin ondiokan, sortze eta formate prozesun dabiauen loba kuttune. Aittitte-aumok geure hanka sartze eta akatsak onartu bihir douzen modun, eta aldaketa eta sendotze prozesun ondorengotza eskubidik lobin eskutan laga, lobik be lagundu bihir leskuke, zaharrak ixan arren gustoa hasiko genduken alfabetatze prozesun, hau prozesuai beran kontrako konpetentzixa modun sentiu baik. Azken fiñin, aittittak eta aumak lantzin behin baiño ez dabe urteten baserrittik. Egixe da baitte, Euskal Herrixan baserrixe, asko dála, hau de, azpieuskalkixan berba eitten daben komunidadik asko dazela, eta lobik, danon Baserrixe eitteko be, leku bihir dabela. Momentuz, irakaskuntzi eta komunikabidik doittuz beran esparru garrantzitsuenak, eta euretan be atezo! Nekeza dabil kaleko hiztunak batzeko ordun.

Gure ustez, euskeri osatzen douen hamen familixan, ahalegin gehixa ein bihir genduke alkar aberasteko eta inddartzeko. Ortografixa maillan, lobik proposatutako ereduk onartzi dou hobien, baiñe harek be esko zabala euki bihi'leuke batzutan, baserri bakoitxin sortzen dizen arazo zihetzan ingurun, bertako biztanlik emote'tsen konponbidiaz, eta hori arazuoi baserri bat baiño gehixauatan emoten bada zepentsa emon bihi'letsake. Hamen arlun, Ñ eta LLn ebiltteko eskubidi emoti ixango litxake emakidaik handixena (araurik baik idazten dabénan araurik finkuenetaiku, bide batez esanda), baiñe pentsaten dou hau kittutute geatuko litxakela, horren truke ondarrutarrez idazteko ordun H, Z/S, TZ/TS, TT eta DDn erabilpena sustatuko balitx, eta berbak banatzine.

Gramatika maillan, ama hizkuntzatzat ondarrutarra dakarrenak, nahiku euskera osasuntsu daukela esan geinke, ondo ikasi badau behentzat. Mekanismo batzuk baiño ez doittuz bihir, beran berbetin eta eskolan ikasten daben eredun arteko loturi eitteko, eta era berin, beran berbetin berezittasunakin jabetzeko. Hamen arlun, zer da pedagojikua, zer da eraginkorraua? “Dotsut” ezin leikela idatzi esati, ala “dotsut” onartzi (ondarrutarrez idazteko ordun, klaro), aldaketa txiki baten bidez (o > eu), herri berbetatik bizkaiera standarrerutz dun bidi erakusteko? Beste zentzun, honek bidionek ondarrutarrez galdute edo galtzeko bidin dakauzen aditz batzuk berreskuratzeko aukeri emote'sku, nahi douenoi behentzat, “leukie”, “dotsie”, “dotsezuz” edota “doskue” lakoxe adizkixetarutz darun bidi argittuz. Ikusten dan modun, harutz honuzko ibilbide bat latxeik planteaten dou gure proposamena, gure baserri záharran oiñarrixak sendotzen doittuzen mailla bardiñin, beran egituri eskeintzen dotsalako eredutzat Baserri ederra eta sendu altza nahixan dabillen lobiai.

Lexikun edo hiztegixan arlun be, bada jun etorririk bi baserrixon artin. Haruzko bidin erun geinkez “apre emon”, “susunkortan”, “txupilla”, “atezo”, “alatin”, “kardala”... Eta honuzkun ekarri edo berreskuratu “sardi”, “azalpena”, “aiztu”, “zapixe”, “hausnarketi”... Beste berba batzuk baserri maillan ebilttiaz konforma bihiko ga, edo asko jota geure seme-alabai emotiaz (hau de, bizkaieriai), fonetikin eta semantikin arlun eraldatu ein douzelako, eta premiña baik, beste berba batzukin kontraesanin edo konpetentzixan sartuko litxakezelako: “kirkille”, “piuri”, “kokota”, “hantsa”, “upiñe”, “keixpi”... Karriaten ibilli baik be, badakauz ganbaran lagatako berbak, hautsak noix kenduko zaiñ: ixo (moliu), zamau (mantela), arazi (armaixu), kafetxanu (kafin koladora), jaki-potu (fianbreri) e.a.

Gure asmu, hasiera baten, Ondarruko berbeti ahal danik eta fidagarrittasunik handixenaz idazteko aukeri emoten daben gixa bat sortzi ixan da, eta zentzu horretan bizkaiera batuko “deuskun” eta antzeakun ordez “doskun” idaztin alde gaz, “jatzu”n partez “gatzu” e.a. Horrez gaiñ, Labayru ikastegixak, –“Bizkai euskeraren jarraibideko liburu”n egillik-, ez dau kontutan hartzen, ez dau esaten zelan idatzi bihir genduken “dd” soiñu, sarri “y” modun idatzitte ikusi ixan douena: “enye”, “inyarra”, “jakinye”... Eta guk batuk eskeintze'skun “dd” letra bikoitxe hartu dou hau soiñuau islatu ahal ixateko. Ikusiko douen lez, fidagarrittasunan alde einddako honetxek posturionek erun gaittu Ñ eta LL letrak onartzea. Ondarrutarrez berba eiñeran “IN”k ez dau hartzen beti “ñ”n soiñu: “kliniki”, “zini”, “umine”, “andrine”... Bardiñ esan geinke “IL”az: “kiluk”, “gili-gili”, “kilin-kolon”... Ordun, soiñu bakoitxai beran letri emoti jo dou egokixentzat.

Fidagarrittasunan aldeko posturik beran mugak daukez, berba eitten douen modun, beran-berin idatziko bagendu, aditz nausixak eta launtzaillik –batzutan- batute idatzi bihir ixango gendukezelako (Txomin Agirrek ein eban modun “Kresala” eleberrixan lelengoko ediziñoin, bide batez esanda). Gaur egunin inddarrin dazen araudi guztikin kontraesanin sartziaz gaiñ (ez euskerinaz bakarrik, baitte gazteleri, portugesa, frantsesa, inglesanaz e.a.), eziñ ixango genduke arau finko bat eskeiñi, bakoitxak beran era batu te banatuko leukezelako berbak (Honepeztixango = Honek be ez di ixango...). Gaiñea, sortzen dizen aldaketa fonetikuk islatzeko (“enbihikorou”, “eztaipa” “nunditator”...) beste era bat ikasiko dou. Bi berba batzin ondoixoz, batan amaitturi, bestin hasieri, edo bixak galtzen dizenin, apostrofi ebiltti ereizten gazku aukerak egokixena (emo'tsut, bixaldu'tset, ekarri'ban). Euskeraz ebiltten hasi zan –Agirre'tar, Ondarroa'ko...- baiñe ez eban ordezkatzen ixe, ez zan ebiltten berban amaittueri edo hasieri jan ein leikela adierazteko, frantsesin eta inglesin modun. Apostrofi ez badou ebiltten, aditz launtzailli oso-osoik idatziko bihiko dou: emon dotsut, bixaldu dotset, ekarri eban. Ikaslik ez nahastateko, fitxa pedagojikuk lantzeko ordun adizki osuk idaztin alde agertu ga, baiñe atzanengoko gaixin, apostrofi zelan ebilli bihir dan azaltzen dou. Inglesin be “I have” erakutsi'skun lehelen, eta gero “I've”.

Egixe da hiztúnan beste berbeta dazela, eta horrek arazuk ekarri leikezela, bakoitxak berak berba eitten daben modun idatziko baleu, idazteko eredu desbardiñak topako gendukezelako. Baiñe aniztasune be ez da horrenbesteku, eta hiztunak ebiltten doittuezen aukerak, danak be ez di zuzenak, eta horrek zuzendu biharra da. Zalantzi edo hutsuni sortzen dan kasutan jo bihir genduke ereduta: batak “jo ei'sta” esaten badau, eta bestik “jo ein nau”, euskerin ereduk esango dosku “jo ein nau” dala zuzena; batak, “emo'tsuten” esaten ba dau eta bestik “emon netsun”, bizkaierin ereduk esango dosku, “emon ne(u)tsun” dela zuzena. On, jente guztik “ez doittuaz erun” esaten badau, zeaittik ez dou onartuko zuzentzat –ondarrutarrez-, bi pluralgille erun arren? Are gehixa bizkaierik berak bi pluralgille ebiltti onartute dakarrenin, nahitte gure barianti ez daben jaso. Ondarrutar batek “ez dodaz erun” esaten badau, ezin geinke esan txarto danik, baiñe ondarrutar standarra be ez da. Gutzako, “dodaz” adizkixe bizkaierako ereduaz bat etorri arren, “doittuaz”ek eukiko leuke lehentasune, ze ama hizkuntzatzat ondarrutarra dauken iñok ez dau esaten “dodaz” bez, “gagoz” bez eta “jako” bez, “doittuaz”, “gaz” eta “gako” baiño.

Ze ereduok, ontxe finkatu bihir douz, geuk dakauzen balorin arabera, eta ezautzen douen errealidade linguistikun arabera. Guk, 2004. urtin, hauxe ereduai eskeintzen dou. Bihirbada, honek ereduok 2044. urtin eingo balitxaz, jente guztik “emotsuten” esango'banez, “emotsuten” onartu bihir ixango genduke, eta “emon netsun”, kendu ez bada be, bai bigarren mailla baten ipiñi; “piru peaxun” ixango litxake zuzena, eta “kendu zaittez paretik”, arkaismo bat. Ostea, on dala 100 urte “eskribiu” hobetsiko genduke, eta gaur egun “idatzi”. Baiñe, honek arauok gaur gaz eitten, gaur egun ondarrutarrez berba eittiaz gaiñ, ondarrutarrez idatzi nahi dabenantzat.

Pentsaten dou gaiñea, holantxen ixan bihir dela, azken fiñin, hizkuntza bat bixik dan neurrixan, aldatzen dun gorputz bat dalako, eta ondarrutar berbeti gaur egun eitten dan modun islatzi oso aberatsa suerta leikelako etorkizuneko belaunaldixántzat. Alde batetik, ondarrutarra ahoskatzen dan modun (edo nahiku antzea) idazteko baliabide gitxiengo batzuk eskeiñiko leskukezelako, adittuk eurantzako eitten doittuezen transkripziñoi fonetikukandik aparte. Eta bestetik, ondarrutarrak ondiokan gordeten doittuzen aldaerak eta lexiko berezixe ezautzea emoteko aukeri zabalduko gendukelako.

Laburtzen, hiru arlo diferentzixako gendukez:

  • Gramatikala: Hamen arlun, nahiku zorrotzak ixan bihi'giñake, kaso batzuk bestikin ez nahastateko, eta ahal ixanda, galdute edo galtzeko bidin dakauzen jozkera batzuk berreskuratzeko.
     
  • Ortografiku / Ahoskeri: Ahoskeri ondo islatute gelditziai emongo gentsake lehentasune, batuk edota ekialdeko bizkaierik eskeintzen doskuzen arauk onartuz. Lehelengo batu (h, tz/ts, z/s, dd..), gero ekialdeko bizkaieri (tt, ñ, ll...) eta atzanin ondarrutarra. Hamendik aurrea, araututako irakaskuntzan ixan ezik, hiztúnai askatasune emotin alde gaz, “eunon” edo “egunon” nahi badau idatzi. Berbak banatzik aditz laguntzailli beran osotasunin idaztea erun gaittu, esaldixe bera ezezkun ipinitte jasoten douen eredun oiñarrittute (“ez dosku emon bihir”); edo apostrofi ebilttea, berba baten amaittueri edo hasieri ez douenin idatzi nahi .
     
  • Hiztegixe: Ziurrenik hauxe da gehixen landu geinken arlu, bi erata. Batetik galtzen edo baztertzen guzen berbak eta esamoldik inddartuz: “atodakaña” > “hautsan txispakin”; “erropi kendu” > erantzi; adibina > igarri, errepa; uli hartu > adarra jo e.a. Bestetik, ondarrutarrin sartute dakauzen gaztelerazko berbai alternatibak eskeiñiz: bentani > lehixu; silli > aulkixe; kontaminata > kutxatute.

Azpieuskalkixan idazkeri arautzin ingurun hamaike bihar einddako jenti badala kontutan hartute, Eibarrea jun giñan, eta bertan 1997xan argitaratu zan txostentxo bat eskuratu gendun, sortzen dizen arazoik arruntenak sistematizata jasoten doittuzena. Mikel Sangronizek ei'ban, eta Koldo Zuazon ereizpidik jarraitze'ittuz. Hauxe ereduai ebilli dabe ardatz modun, Mutrikun, Bergaran, Elgoibarren eta esate bateako Deba baillara guztin. Orokorrin, eurak eskeintzen doittuezen ilduai jarraittuko dotsau, baiñe, komeni de aurreatzi, eibarreraz idazteko emoten dizen arau guztik be ez douzela balixokuk ixango ondarrutarrez idazteko ordun, eta gaiñea ondarrutarrez kaso berezixak agertuko gazkuzela. Guazen ba, letraz letra.

1 H

Batun modun: handixe, biharra, nahi... Baitte diptongo bat apurtu (nahixa, nahiku...) edo bokal bikoitx baten tartin jun arren (mahaixe, beheie, meheie...). Ondarrutarrez edo bizkaieraz idatzi daben ondarrutar gehixenak ez dabe ontsuarte H kontun hartu (Agirre, Zubikarai, Antonio Arrizabalaga “ Lengus ”), baiñe aspaldixan hau joeriau aldatzen du, eta herriko aldizkaixetan gerua ta arreta gehixa eskeintzen gako hizki mutuai. “Bihir” (behar), “behentzat” (behintzat) eta “zihir” (zehar) lakoxe berbakin zalantzi euki dou, “h” kentzi hobeto ez litxaken ixango (bir, bentzat, zir). Baiñe hau aukeriau baztertu ein dou atzanin.

Oharra: “H” ez dou idatziko, beste kontsonante batek leku kentze'tsanin: bixotza, abotsa, ubela...

2 S/Z

Gaur egunin ahozko hizkuntzan “S” eta “Z” letran soiñuk bereizten dabezenak gitxi geatzen badi be, guk ondarrutarrez idatzieran euskera batun arauai jarraittuko dotsau. Halantxen ba: azerixe, gosi, azunak...

Oharra : ondarrutarrez, batzutan, “I + Z” > “X”an soinu hartzen dau, eta idatzi be halantxen eingo douz honeik berbok: “ixan”, “gixon”, “pixotsu”... Beste kaso batzutan ostea, “z” soinu mantentzen dau: izari, bizarra, izarra... Itxura baten hurrengo kontsonanti dardarkai bat danin gertaten da hau.

Zalantzi : bustiduri eraitten daben “i”n aurretik beste bokal bat agertzen gazkunin, “i” idatzi ein bihir genduke? Zelan idatzi: nox/noix; goxin/goixin; gaxotu/gaixotu; arpeixe/arpexe; naxa/nahixa; gexa/gehixa? Sangroniz “i” idaztin alde agertzen gazku. Antonio Arrizabalagak “ Lengus ”ek, ostea, “arpexe” idazten dau ( Barre Algaraka , 72. or.), “goxan” ( B.A ., 77. or.), “gexei” ( B.A ., 81. or) e.a. Ana Urkizak be “arpexe”eta “axi” batzen dau “ Ondarroako berba eta esaerak ” bilduman, eta beste batzutan “arpeixe” eta “aixe”. Honen ingurun, Koldo Alijostesek diñunez, jente nausixak “aixkora” esaten badau be, gaztiauak “axkora” esaten dabe. Ostea danak esaten dabe “nox” eta danak esaten dabe “goixa”. Honek datuok ez dabe asko laguntzen arauk finkatzeko ordun, baiñe bai esan geinke, hiztunak zemat eta zaharrauak ixan gehixa bereizten dabela palatalizaziñoi eragin daben hori “i”oi. Guk geuk bustiduri erain daben “i” guztik idatzi douz, nahitte batzuk ez ahoskatu, bustidurin eragilli eta ezaugarrixe ixatiaz gaiñ, berba batzukin arazo teknikuk eukiko gendukezelako “H” idazteko ordun: naHitte, naHixan, geHixa...

3 TZ/TS

Goiko kasun lez, ahozkun ez da bereizten, dana da “TZ”. Halan da be, idatzieran batun arauk ebilliko douz: itsu, motza, gatza, lotsi...

Oharra : batun ez modun, bokal baten atzetik “ITZ” gertaten bada, ez beti, baiñe sarri bustidurin eragiñez “TX”n soiñu hartzen dau. Ondarrutarrez, “gaitza”> “gaitxe”, “haitzak” > “haitxak”. Eibarreraz idazteko oiñarrizko erizpidiak ez dabe “i” idazteko premiñaik ikusten: “gatxa”, “hatxak”. Agirren Kresala hartzen badou “ekatxa” (17. or.), “bakotxak” (20. or.), “irukotxe” (63. or.) e.a. topako douz. Hau de, bustiduri erain daben hori “i”oi ez idazteko joeri dauke. “ Lengus ”ek be hoixe bidioi hartzen dau. Eta Alijostesek elkarrizketatuko seirak be bat datoz “atxetan” esaten dala. Bizkaieraz be “hatxak”, “gatxa”, atxekia” idazten da, “i” baik”. Eta geu ez genduke horretxen bidiorren aldeko zalantzaik eukiko, ez bagendu pentsako “i”ai irtenbide bardiñe emon bihi'tsauela bustiduri eraitten daben kaso guztixetan: “goIxe” idaztin alde baga “bikoItxe” defendiu bihiko dou; “haIxi” idazten badou, “haItxi”, e.a.

Beti be ez da bustitten. Hor dakauz “amaitzen”, “ohitzen”...

4 LL

Eibarko ereduai jarraittuz “I + LL” gertaten danin, “ILL” idatziko dou, “LL” ahoskatzen danin: hillerrixe, mille, bille, oillasku... eta “IL” idatziko dou, “L” ahoskatzen danin: dindilixke, dingilin-dangulun, txiliñe, pilak, filosofu, familixi, txilaute, ... Berbin amaittueran be “LL” idatziko dou, hurrengo berbi bokalez hasten danin -badabiLL hori-, bañe “L” hurrengo berbi kontsonantez hasten danin – badabiL barriro be-. Txomin Agirrek eta Augustin Zubikaraik be “LL” eta “L”n artin ondo bereizte'ben, baitte “I”n atzetik ixunin be: “ezkilla” ( Kres. 17), “ebilli” ( Kres .8), eta “dindilizka” ( Kres . 139). Augustiñek Zaldupeko txikiena n, “illuna” (5. or.), “billatuta” (6. or.), baiñe “txiliña” (8. or). Ondarroa 1993 urtekaixin “ankilikotin” topaten dou. Ana Urkizun bilduman “bilin-bolan”; “ Lengus ”ek “niloi” (B.A. 83. or.), eta “ixixilik” (Barre ta irri, 11. or.). Bada ordun, tradiziñoi literaixo bat bi soiñuok bereizten doittuzena, “I”n atzetik jun arren. Horrez gain gaur egun maillego askotan topaten dou “IL” “L” soiñuaz: “kiLo”, “fiLosofu”, e.a. Beraz ez dakau zalantzaik “LL” letri ebiltteko ordun. Bihir bada, gure lobik be egunen baten hoixe bidioi hartu bihiko dau, euskaldun barrixe “piLa” bat erostea bixaldu te “piLLa” bat erositte etorti ez badau nahi. Olgetan gabiz.

Halan da be, lehengo arazo bardiñaz eitten dou topo “ILL” beste bokal baten atzetik dunin, “i” idatzi bihir dan edo ez erabai bihir douelako. Kresala n “izkiritzaLLe”, “maLLa”, “doLLor” topaten douz. Ondarroa 1993 an “oLLun popi”. Lengusek be “aLLa” idazte'ban ( Barre ta irri , 29. or.). Alderantziz Zaldupeko txikiena eleberrixan “garbitzaILLe”, “praILLe” e.a. Alijostesek ez dau hau kasuau ikertu. Eibarko arauk idatzi ein bihir dela badiñue be, ondarruko tradiziñoi idatzixak gehixa jo ixan dau ez idazterutz. Zelan idatzi bihir genduke: ollu/oillu; molli/moilli; alla/ailla? Eta aurrera aittatu douen modun, komeni de hartzen douen aukeri, “i”k hurrengo kontsonanti bustitten daben guztixetan ebiltti, ez “haitzak”en ordez “haTXak” idazti (“i” galdute) eta “mailak”en ordez “maILLak” idazti.

5 Ñ

“I+N” gertaten danin, “IÑ” idatziko dou, hori “Ñ”oi ahoskatzen dan kaso guztixetan: hasetzeko laIÑ, haIÑ ondo, IÑusente, koIÑati... Baiñe “IN”, “N” ahoskatzen danin: zINi, tximINixe, mINistru, klINiki, dINamu, sINusitis, domINistiku, admINistraziñoi, kINieli, errINozeronti, elimINatoixi, aspirINi, piszINa ... Alijostesek diñunez “i + n”, “ñ” ez bihurtzi, gehixen bat maillegutan gertaten dan fenomeno bat da, aurreko berban jatorrixe aztertute ikusi geinken modun. Halan da be, beste maillego batzutan bustiduri emon eitten dala ikusten dou: fiñe, piñu, gasoliñi... Beraz ezin lege bat ipiñi, zelan ahoskatzen douen halantxen idaztine baiño. Bizkaieraz edo ondarrutarrez idatzi daben ondarrutar gehixenak modun (Txomin Agirre, Agustin Zubikarai, Antonio Arrizabalaga “ Lengus ”), geu be “IN” eta “IÑ” soiñuk bereiztin alde gaz.

Ondarrutarrez gaiñea, horretxeta behartzen gaittun beste fenomeno bat gertaten da, “e+a” hiatu “i” bihurtzen dan lez, “Noren” kasun “etxearena”, “umearena” e.a. “etxine”, “umine” e.a. ahoskatzen dizelako, eta horretan kaso guztixetan ez da “Ñ” ahoskatzen. “N” baiño.

Bada kontun hartu bihir douen beste zeozer: berban amaittueran “IN” ahoskatu eta idatziko dou hurrengoko berbi kontsonantiaz hasten bada: “hain trebi, hain politte”, “jakIN balei”; eta “IÑ” bokalaz hasten bada “ha iñ o na”, “ha iñ ha rru”, “jak iñ a rte”, baiñe ez hori “-in” “-ean” diptongutik datorrenin: aman in e uan, top in a illa zan...

Hamen be zalantza bardiñaz jarraitzen dou. Zelan idatzi? Bañe/baiñe; gañera/gaiñera; lañu/laiñu? Agirrek “i” baik idazte'ban: “destaña” ( Kres . 60 or.), “añutsu” (195. or.); baitte “ Lengus ”ek be... Zubikaraik, ostea, “laiño”, “baiño” e.a.

6 TT

I + T gertaten danin, eta bustiduri sortzen danin beti “ITT” idatziko dou, nahiz eta ahozkun “itx” edo “tx” entzun: atxe>aITTe, natxe>nahITTe, batxe>baITTe, garbitxu > garbITTu. Bustiduraik ez danin sortzen “IT” idatziko dou: ITargixe, pITu, ITalianu, gITarri... Ondarrutarrez idatzieran era sistematiko baten “TT” ebilli ixan daben bakarra “Lengus” ixan da. Beran idatzixetan topaten dou “zittun”, “Zubi Barrittik”, “baserrittarrak”... Ana Urkizak be hortixek bidetik jo ixan dau batzutan, “ Ondarroako berba eta esaerak ” bilduman, baiñe ez sistematikoki. Gure ustez, “ Lengus ”ek hasittako bidetik jarraittu bihir dou, ahoskatueran ez badou bereizten be, idatzieran “TX” eta “TT” diferentzixa.

Hamen kasun be lehengo zalantza bardiñe sortzen gazku: “batte/baitte”, “ettea/eittea”, “amattu/amaittu”? Lengusek ez dau “i”rik idazten normalin (“etten”, “batte”...) eta beste batzutan bai (“plemoitta”, “kanpaittik”...); Udal Barriak aldizkaixe “i” ez idaztin alde agertzen da. R.M. Azkuek, ostea, garrantzi handixe emoten dotsa “i” idaztiai . Guk, ostea, ez dakiau nun sartuko genduken “H” “nahITTE”, “ohITTu”, “gehITTu” e.a., “i”rik ez bagendu idatziko.

“in + t” edo “il + t” batzen dizenin be bustiduri sortzen da sarri. Adibidez, pinturi > pINTTuri, tinta > tINTTa, ibilten > ibILTTen, hilten > hILTTen... Baiñe ez beti: “INTentziñoi”, “lINTerni”, “sINTasola”...

6 (2) DD

“in + d” edo “il + d” gertaten danin, “d” batzutan busti eitten da, eta gaztelerazko “y”n antzeko soinu hartzen dau ondarrutarrez. Idatzitte be “Y”az topa ixan dou herri maillako argitalpen eta gutunetan ( Arranondo, Udal Barriak, Bolo-bolo ...): “inyarra”, “enyaku” “hori jakinye”... Guk “iNDDarra”, “eiNDDaku”, “hori jakiNDDe” idazti proposaten dou, “ Lengus ”ek zabaldutako bidiai jarraittuz. “TT” kasun modun badakiau euskera batuk “DD”ntzako emoten daben soiñu ez dala gaztelerako “Y”ne, bustixaua baiño. Baiñe “Y” baiño egokixaua ereitxi gazku, jatorrizko “D”n barri emoten dabelako. Beste batzutan ez da bustiduraik sortzen: indo, indixuk, independentzixi... Eta idatzi be, “D” bateaz eingo douz.

“il + d” eraitten daben bustiduri be ILDD idatziko dou: “hilddaku”, “kikilddu”, “borobilddu”, e.a. Batzutan “d” bera ez da ahoskatzen: “billurre”, “billotxe”.... Eta halantxen idatziko dou.

7 G/J

Ondarrutarrez, “J” letrik soiñu belar frikatibu dauke, hau de, arnasik kanporuzkun eztarrixe arraskaten dabenin sortzen da, gazteleraz ahoskatzen dana baiño bixkat leuntxua: jabonaduri, jarixu, ojaela... Euskara batun hau soiñuau ez da esistiuten, ezin leike irakurri; “J” palatalan mesedetan hartutako erabakixe ixan da. Ondarrutarrez ostea, hori soiñuoi “J”az hasten dizen ixen propixukin ebiltten dou bakarrik: Jon, Joseba... Ordun, ondarrutarrez “J” ebilliko dou lobik ganbaran gorde' skun belar frikatibun soiñu idazteko “J”az ahoskatzen douzen berbakin, nahitte jatorrizko hizkuntzan “G”az idatzi: jeleri, jenixu, jendarmi, jinebri...

8 Soiño bat desagertzen danin

8 (1) Bokal arteko “R”

Bokal arteko “R” sarri desagertzen da berba eiñeran - egualdixe, txoixu, zoixonak, armaixu, errosaixu, baik, esate bateako-, eta batez be “Nori” eta “Nora” kasutan: Anderrei, zeure ixikoi, etxea, Bilboa, aumanea... Baiñe beste batzutan ahoskatu eitten da: erun dau, heren bat, arotza, sargori, aringaingan... Ikastoletako fitxak eitteko ordun gako artin sartuko badou be, araututako irakaskuntzatik kanpoa hiztunak askatasune hartzin alde ga, ahoskatzen dabenin idazteku eta ez dabenin ahoskatzen ez idazteku.

8 (2) Bokal arteko “G”

Honeaz letriaz be lehengo zalantza bardiñak dakauz: batzutan ahoskatu eitten da –egurre, agur, egixe, gogu...- baina gehixenetan ez: -eualdixe, nausixe, eon zaittez, eixun hori, haiñeko miñe...-. Mutrikun, “egin” berbin salbuespena eindde, beste berba guztikin idazti erabai dabe. Eibarren “egon” berbi ixan da salbuespena. Ikastoletako fitxak lantzeko ordun, gako artin sartu douz ahoskatzen ez douzen “G”k, baiñe beste esparru batzutan ez idaztin askatasune hartzin alde gaz. Bestelan, “nago”, “egitten”, “zeugaz”, “geruago”, “eguan” idatzi bihir ixango genduke beti.

9 Bokal arteko horzkarixan aldaketak: T > D > R > O .

Ondarrutar berbetik horzkarixak biuntzeko joeri dauke. Halantxen bokal arteko “t” “d” bihurtzen dau batzutan (elekrizitatea > elektrizidadi), bokal arteko “d”, “r” ahoskatzen dau sarri (zapladi> zaplari; modun > morun, edan > eran, e...) eta bokal arteko “r” gitxitan ahoskatzen dau (pelotari > pelotai; etxera > etxea; eguraldixe > egualdixe; amari > amai...). Batzutan bokal eta guzti desagertzen da, “e”az eta “a”az dunin (erabilli > ebilli, amaren > aman, ezkaratza > ezkatza...). Gure ustez honei kasuonei irtenbidi emoti gaitxaua da soiñu oso-osoik desagertzen danin baiño.

Ondarrutarrez nahiku ondo bereizten douz, batun “D”az idatzi arren, “R”az ahoskatzen douzen berbak (“erozelan”, “morun”, “lameran”, “ganaru”- “D”az ahoskatzen douzenakandik –odola, edurre, adarra, adurre, modi, ...-. Beraz, ez dakau argi hau bereizketiau mantendu ein bihir genduken ala idazterakun “D”az idatzi beti. Mutrikuarrez idazteko oiñarrizko ereizpiditan “D”az idazti aholkatzen da. Eibartarrak ostea, adítzan salbuespena eitten dabe (“etorri ari”, “dotsaraz”, “eran”...). Zalantza barri bat sortzen gazku ordun, ze gauza bat da ahoskatzen ez douen letra bat ez idazteko askatasune hartzi eta beste bat letra arrunt bateaz ordezkatzi (D > R), alfabetatze prozesun dazenai horrek erain leikezen nahastikin. Konturatzen bazaze, onarte proposatu douzen letran aldaketak (Ñ, LL, TT, DD) ez dakarre hori arazuoi, euskal alfabetun ez dazelako, edo gitxi erabiltten dizelako (ezin leike “R”n erabilpenaz konpara); gaiñea letra bikoitxak dizenetik, jatorrizko letrin aztarni lagaten dabe beti (“Ñ”k be bai, bikoitxe ez ixan arren), bizkaieraz eta batun zelan idatzi bihir dan jakitteko. Ostea, zaplaRi, ostikaRI, maRarixe, eRonun... idazteko ohitturi hartzen badou ez gazku zalantzaik sortuko eurok berbok batun edo bizkaieran idatzieran?

Ikastoletako einddako fitxa pedagojikutan letra guztik idazten saiatu ga, gakuk ebillitte ahoskatzen ez douzen letra eta silaban ingurun. Adibidez: “ama(re)n etxe(r)a guz”. Baiñe ez dou kontsonante bat beste bateaittik aldatzeko askatasunik hartu. Irakaskuntza esparrutik kanpo, ostea, eta lehen aittatu douen ereizpidiai jarraittute (berbeti ahal danik eta fidagarritasunik handixenaz jasoti idatzixan) ezin dou hori aukerioi ukatu. Are gitxia tradiziñoi literaixun sostengu dakarrenin. Guk geuk nahixa ixan dou hori aukerioi ahal douenik eta gitxien ebilli, eta horretako hiru kaso nausi sistematiza douz, “D”az idatzi arren, “R”az ahoskatzen douzenak: baldintzazko esaldixetan sortzen dizenak (badau, badou...), “edo”tik datozenak (edozeiñ, edozelan, edonun) eta “-ada” amaitzen dizenak (zapladi, ostikadi, eskokadi...). Hortik aurrea, bihirbada, salbuespenan zerrenda bat ein leike, luziei ez bada gertaten behentzat: edan, modun, madari, bidin...

10 “EZ” partikuli ebillitte sortzen dizen aldaketai buruz

KASU ESATEKO ERA JATORRA ZELAN IDATZI
ez + b > ezp- ezpaletor ez baletor
ez + d > ezt- eztakau ez dakau
ez + l> el- elitxake ez litxake / e'litxake
ez + n > en- enaz ez naz / e'naz
ez + z > ez- eziñan ez ziñan / e'ziñan

Oharra: konturatu gaittezen batun “ez + g > ezk” bihurtu arren, ondarrutarrez ez dala hori gertaten – ez ga ailla, ez gatzu gustaten...- eta idatzi be “ez g-” eingo dou.

11 “BIHIR” partikuli ebillitte sortzen dizen kontrakziñoin ingurun

KASU ESATEKO ERA JATORRA ZELAN IDATZI
bihir + d- birdou edo birou bihir dou
  birde edo bire bihir de
  bisku bihir dosku / bihi'sku
  bitse bihir dotse / bihi'tse
bihir + ko + d- bikora bihiko da
  bikozue bihiko dozue / bihiko'zue
bihir + ko + g- bikoga bihiko ga

12 “BA” partikuli ebillitte sortzen dizen kontrakziñoin ingurun.

KASU ESATEKO ERA JATORRA ZELAN IDATZI
ba + dozu bazu badozu / bazu
ba + dozue bazue badozue / bazue
ba + dosta basta badosta / basta
ba + dotsa batsa badotsa / batsa
ba + dosku basku badosku / basku
ba + dotsu batsu badotsu / batsu
ba + dotsue batsue badotsue / batsue
ba + dotse batse badotse / batse

Konturatzen baga, “bado” errun atzetik txistukai bat gertaten bada (z, ts), “do” desagertu eitten da. Hau de, “Nork-Nor”eko 2. pertsonetan, eta “Nork-Nori-Nor”eko pertsona guztixetan. Beran atzetik txistukairik ez bada gertaten, “do” erru ez da desagertzen, leundu baiño, aurreraua aipatu douen bilakaeran d > r: badot > barot, badogu > barou, badabe > barabe. Guk halan da be, aditz laguntzailli “D”az idazti erabai dou.

13 NORK-NOR (ZEIÑEK ZEIÑ) jozkeran, baiezko esaldixetan aditz laguntzaillik indikatiboko lehen aldixan, 3. pertsona bixak hasierako “e” galdu eitten dabe.

KASU ESATEKO ERA JATORRA ZELAN IDATZI
eban > ban ekarriban ekarri eban / ekarri'ban
eben > ben erosiben erosi eben / erosi'ben

14 NORK-NORI-ZER jozkeran, baiezko esaldixetan aditz laguntzaillik beti galtzen dau beran erru: “do” orain aldixe bada, eta lehen aldixe bada, 3. pertsonako “eu”.

KASU ESATEKO ERA JATORRA ZELAN IDATZI
dosta > sta ekarrista ekarri dosta / ekarri'sta
dotsa > tsa ekarritsa ekarri dotsa / ekarri'tsa
dosku > sku saldusku saldu dosku / ekarri'sku
dotsu > tsu bixaldutsu bixaldu dotsu / bixaldu'tsu
dotsue > tsue deittutsue deittu dotsue / deittu'tsue
dotse > tse kendutse kendu dotse / kendu'tse

Lehen aldixan be erru galtzen dau -“EU-”-, baiñe aditzan amaittueran ipintten dan “N”k markaten dau iragana (ekarri eustan > ekarri'staN; saldu euskun > saldu'skuN, bixaldu eutsun > bixaldu'tsuN...). Halan da be, ezezko esaldixetan lehen aldiko erru galtzen guzela ikusten da, ze gerua ta sarrixa entzuten di: “ez dostan deittu”, “ez doskun ixe erregala”, iasako ondarrutarrez “ez e(u)stan deittu” eta “ez e(u)skun ixe erregala” esan bihir litxakenin. Eguneroko berbetan, hain barneratute dakau aditzan amaittuerako horretxeaz “N”az nahiku douela iragana markateko, lehen aldiko 1. eta 2. pertsonetako ereduk be kutxatzen hasi gazela: “saldutsazuN”, “emotsuteN”, eta antzeakuk gerua ta gehixa entzuten di, jatorrizko “saldu zentsan”, eta “emon netsun”en ordez. Hau zuzendu biharra ikusten dou, eta baitte 3. pertsonetako “EU-” erru berreskuratu biharra, idatzirako behentzat.

15 Aditz nausixe “N”az amaitzen danin sortzen dizen kontrakziñoi batzun tratamientu.

KASU ESATEKO ERA JATORRA ZELAN IDATZI
n + do > O esatetsa esaten dotsa / esate'tsa
  emotsut emon dotsut / emo'tsut
n + e > O esaban edo esanban esan eban /esa'ban / esan' ban
  emoben edo emonben emon eben / emo'ben / emon' ben
n + go + d > ng erungotsut erungo dotsut / erungo'tsut
  engosku eingo dosku / eingo'sku
n + z > z ikustezan ikusten zan / ikuste'zan

16 Aditz nausixe “EGIN” danin sortzen dizen kontrakziñoi batzun tratamientu.

KASU ESATEKO ERA JATORRA ZELAN IDATZI
egin + dot > ndd einddot ein dot
egin + dogu > ndd einddou ein dou
egin + dau > ndd einddau ein dau
egin + dabe > ndd einddabe ein dabe
egin + dozu > O eizu ei'zu
egin + dozue > O eizue ei'zue

17 Berban amaittuerako bestelako kaso batzuk

KASU ESATEKO ERA JATORRA ZELAN IDATZI
-t + b > p emotsupa emon dotsut ba / emo'tsut ba
  eztaipa ez dait ba
-k + b > p diroipe diroik be
  niparai nik badai

18 Berba berezi batzun idazkeri

  • ERE > BE
  • ERE EZ > BEZ
  • BAT ERE EZ > BAPEZ
  • PIXKA BAT > BIXKAT
  • ETA
    ESATEKO ERA JATORRA
    Koldo ETA Amaia ailla di
    Zer dala TA?
    diru TE goguk baeuazen
    aman DA aittan baimenaz / hamar DA bapez
    ehun DE sei
    zazpi TTE lau
    zortzi TT'erdixak
    lau T'erdiku
    ENDA halako baten

Eibarreraz idazteko oinarrizko irizpidiak txostenan arabera beti ETA idatzi bihir de. Guk, ostea, ez dou argi ikusten. Alde batetik, bizkaieraz TA onartute dalako -esaldixan amaittueran-, eta batun T' -hurrengo berbi “erdi” danin-. Baiñe ondarrutarrez beste bi aldaketa gertaten di: bata, bokalana, aurreko berbin atzanengoko bokala “i” edo “u” danin, TA > TE bihurtzen dala; besti, kontsonantine, aurreko berbi “I”az amaitzen dan zenbakixe bada, T > TT bihurtzen dalako, eta “N”, “L” edo “R”az amaitzen dan berbi bada, T > D. Ez dakiau leko askotan gordeko dan holako aberastasun fonetikoik ETA juntagailun ingurun, eta ondarrutarrez idazteko ordun bokal aldaketi eta galtzi onartzin alde gaz (eta, ta, te, t'); kontsonantikin (tte, da,) ez dakau haiñ argi. Edozelan be zuzendu biharra ikusten dou gerua ta sarrixa entzuten douzen: “lau tte bi”, “Jon de Kepa”...

19 –z gero > ezkero > ezkio / exkio

Batun “etorriz gero”, “emonez gero” idazten badi be, guk “etorri ezkio”, “emon ezkio” idatziko dogu. “Harrezkio” eta “honuzkio” halantxen idatziko douz.

16 Erderaz “R”az hasi eta geureganatu douzen berbak

Gaitxe da hamen kasun arau finko bat emoti, berbin hasieran “R”az ahoskatzen dizen berbak dexente topaten douzelako –radixu, rock&rolla, raketi, raperuk...- “er” edo “ar”az hasten dizenan albun: arratoi, erruberi, errebuelti, Errebiro, erreketik, arraxi, erremu... Halan da be, emoten dau on dala gitxi hartu douzen berbak dile, gehixen bat, hasierako “r”az ahoskatzen douzenak. Beraz, asimilaziñoi gaittasune galtzen guz bixkaka-bixkaka, eta berbak datozen modun hartzea ohitzen hasi ga. Hau joeriau euskera batuk be onartute dauke –“robot”, “rugby”, “radar”...-, eta bihir bada, geuk be hortixek bidetik jo bihir genduke.

17 Deklinabidin ingurun jakin biharreko gauzak

“Noren” kasu:

Ondarrutarrez, Noren kasu, batun eta bizkaierin aldin, modu berezixan deklinaten da, tarteko “re” baik. Esate bateako, batuko “txakurraren”, “txakurran” bihurtzen da ondarrutarrez, bigarrengoko “a”n ipinitte inddarra; pluralin “txakurren” > txakúrran bihurtzen da, plurala sortzeko azentun leku aldatute; eta batuko mugagabi “txakurren batek” > txakurren batek, bardin geratzen da. Hamen adibide batzuk

  Mugagabin Mugatu Sing. Mugatu Plur.
Batun etxeren etxearen etxeen
Ondarrutarrez etxen etxín étxin
Batun ogiren ogiaren ogien
Ondarrutarren ogiren ogixán ogíxan
Batun gizonen gizonaren gizonen
Ondarrutarrez gixonen gixonán gixónan

Ongun, tildik ebilli douz bai singularreako eta pluraleako, bi kasuon artin dan doiñun aldaketi labarmentzeko. Baiñe, idatzixetan tildi bakarrik singularran eta pluralin arteko zalantzi sortu leiken kasutan erabilliko dou, eta bakarrik plurala markateko. Hau de, berba bat tildiaz agertzen bada, plural baten aurrin gazela esango'sku zuzenin.

Eibarreraz, “Noren” eta “Non” kasuk alkarreandik ondo bereizteko “re” idazti erabai dabe. Guk, ikastolantzako landutako gaixetan gako artin sartu dou, ahal ixan douenin (“eulixa(re)n heguk”) eta halantxen diferentzixa dou pluralandik (“eulixan heguk”). Baiñe, eguneroko idazkeran ez douenetik gakoik erabilliko, tildik erabilliko douz singularra eta plurala bereizteko, eta pluraleako “eulíxan heguk” idatziko dou.

Deklinabide osu , Ander Ramosek batu dau, unibersidadeako einddako lan baten, eta beran-berin kopixa dou, “Noruntz” kasun “N” kentzin aldaketa bakarraz.

Kasu Singularra Plurala
Nor Etxí Étxik
Nork Etxík Étxik
Nori Etxiái Etxíai
Noren Etxín Étxin
Nora Etxeá Etxíta
Norantz Etxérutz Etxitárutz
Non Etxín Etxítan
Nongo Etxekó Etxitáko
Norekin Etxíaz Etxíkin
Norentzat Etxintzát Etxíntzat
Norentzako Etxintzáko Étxintzako
Nondik Etxétik Etxitátik

Anderrei jarraittute: “ Hemen ikus dezakegu singularra eta plurala bereizteko, askotan azentua hartzen dela kontuan forma berdinak direlako (1, 2, 3, 4, 10 kasuak). Gainera ikus dezakegu zenbait formetan pluralgilea sartzen dela esanahia ezberdintzeko azentua ebili beharrean (5, 6, 7, 8, 12 kasuak). Azkenik, soziatiboak erakusten du aldaketarik nabarmenena: singularra bizkaierazko –gaz postposizioarekin egiten da eta forma berdineko plurala, erdialdean ebiltzen den –kin postposizioarekin. Gainera 11. kasuan, bizkaieraz, “-endako” postposizioa espero beharko genuke baina hemen, “-tzako” forma ageri da ”. Eta forma guztixetako ez bada be, behentzat singularrin eta pluralin forma bardiñak dakarrenak bereizteko tildik ebilliko douz.

“Nore(n)gana” kasu: Zeiñe(ng)ana

Eibarreraz idazteko hartu dan arauk “-g-“ hixkixe gordeten dau, bañe “-re-“ kentzeko aukeri emoten dau. Baiñe, ondarrutarrez pluralin hori “g”oi “k” bihurtzen da. Honek, berba eitten douen modun idazteko aukeri emote'sku, kaso bakoitxe nahiku ondo bereizten dalako.

Berbi Mugagabin Mugatu Sing. Mugatu Plur.
Gixon gixoneana gixonana gixonakana
Lehenguso lehengusoana lehengusuana lehengusukana

Norantz: Norutz

Galdetzaillik berak be “n” galdute dakarrenetik, ez idazti erabai dabe eibartarrak be: etxerutz, plairutz, Zarautzerutz...

Erakuslik eta azentu

Arau: singularra eta plurala desbardinddu ahal ixateko erakuslitan, pluralin, azentu sartzi erabai'ben Eibarren. Halantxen, “haren (pertsona bat) txakurre”, “háren (pertsona batzuk) txakurre”.

Oharra: erakusle pluraletan, singularrandik bereizteko azentu, bakarrik “harek”eaz ebilliko dou. “Honek” eta “horrek” singularrin ebiltten douzenin, ixenan deklinaziñoik emongo'sku horren berri.

Singularra Plurala
Honek mutillonek Honek mutillok
Horrek mutillorrek Horrek mutillok
Harek mutillak Hárek mutillak

“Norentzat”: Zeiñentzat / Zeiñentzako

Nahitte ziurrenik jatorriz desbardiñak ixan, (-tzat) eta (-tzako) deklinaziñoin tartin bereizketaik ez eitti erabai dou. Forma bi badaz, eta bixak ebiltten badouz, zeaittik kendu bat? Ordun, neutzat = neutzako, andrintzat = andrintzako...

Norekin / Zeiñegaz:

Honek be ez di ixango jatorriz bardiñak, eta ondarrutarrez “-az” singularreako ebiltten dou eta “-kin” pluraleako. Adibidez, “umiaz urten dot kalea” (ume bateaz), “umikin urten dot kalea” (ume bat baiño gehixauaz). “Horreaz (bat) / Horrekin (batzuk)”...

Erakuslik, nun

Ondarrutarrez berba eiñeran, erakusli errepikatu eitten da normalin.

HAU HORI HA
hau gixonau hori gixonoi ha gixona
honek mutillonek horrek mutillorrek harek mutillak
honei mutillai horrei mutillai harei mutillai
honen gixononen horren gixonorren haren gixonan
hona etxea horra etxea hara etxea
honutz etxerutz horrutz etxerutz harutz etxerutz
hamen etxin hor etxin han etxin
hamengo etxeko horko etxeko hango etxeko
honeaz gixonaz horreaz gixonaz hareaz gixonaz
honentzat gixonantzat horrentzat gixonantzat harentzat gixonantzat
honentzako gixonantzako horrentzako gixonantzako harentzako gixonantzako
hamendik etxetik hortik etxetik handik etxetik

Hau aberastasunau ez da moztu biharrik, eta “etxe hortako” lez, zuzentzat hartu bihir genduke “horko etxeko”, eta antzeako kasuk. Ondarrutarrez gaiñea, hauxe atzanengoko eriau ebiltten da gehixen.

18- Berba amaittuera batzuk zelan idatzi bihir ixango gendukezen.

HIATUK

  • a + a > i: alaba > geure alabi; andra > zeure andri; gauza > gauzi... Topa douzen salbuespenak: ama > geure ama; osaba > zeure osaba.
  • e + a > i: kalea > kali; gaztea > gazti; esnea > esni
  • e + e > i: alkateen > alkátin; erleen > érlin...
  • e + o > io: gazteok > gaztiok; emakumeon > emakumion
  • i + a > ixe: ogia > ogixe; handia > handixe; ardia > ardixe ...
  • i + e > ixe, berba barrun dunin: handietan > handixetan, belarrietan > belarrixetan
  • i + e > ixa, berbin amaitturan dunin: handien > handixan, belarrien > belarrixan
  • i + o > ixo: herrion > herrixon; txarrion > txarrixon
  • o + a > u: usoak > usuk; asmoak > asmuk; gogoa > gogu
  • o + o > uo; usook > usuok; gaisook > gaixuok...
  • u + a > u; dirua > diru, eskua > esku

Oharra: hiatu ez sortu arren, berba bat kontsonantez amaitzen danin, mugatu singularrin hartzen daben “a” > “e” bihurtzen da, atzanengoko silabako bokalak “i” edo “u” ba di. Gogoratu daigun ETA partikuliaz zer gertaten zan, aurreko berbi I edo Uaz amaitzen bazan.

  • Ad u r > adurra > adurre. Txak u r > txakurra > txakurre.
  • B i ts > bitsa > bitse. Ar i ñ > ariña > ariñe.

Beste bokalakin ostea (a, e, o,) ez da aldatzen, mugatu singularran marki “a” geatzen da: orr a tza, txart e la edo od o la.

19 Gehixatasunezko ixenlagunak

Ixenlagune

Mugatu singularrin

Mugatu pluralin

Gorri

gorrixa(ua)

gorrixauak

Bigun

biuna(ua)

biunauak

Sendo

sendua(ua)

senduauak

Ondarrutarrez berbetan, batzutan okerreta ebiltten dou gehixatasunezko konparatzailli pluralin: “Nire zapatak zurik baiño politta di”, “polittauak” esan biharrenin.

20 Erderatik hartutako...

20 (1) Berbak

  • eo + a > eu: el video > bideu; el tebeo > tebeu
  • ia + a > ixi: la industria > industrixi; la ortografia > ortografixi
  • ion > iñoi: estación > estaziñoi, moción > moziñoi, televisión > telebisiñoi
  • ón > oi: balón > baloi; latón > latoi

20 (2) Aditzak

  • ar > a: cantar > kanta; escalar > eskala; invitar > inbita
  • er > iu: atender > atendiu; mover > mobiu
  • ir > iu: sentir > sentiu; fundir > fundiu

20 (3) Ogibidik

  • ero + a > -eru: el torero > toreru; el bodeguero > bodegeru...
  • era + a > -eri: la peluquera > pelukeri; la pistolera > pistoleri ...
  • or + a > -ori: el pintor > pinttori; el escultor > eskultori...
  • rio + a > -(r)ixu: boticario > botikaixu; secretario > sekretaixu.
  • ria + a > -(r)ixi: boticaria > botikaixi; secretaria > sekretaixi.
  • ico + a > -iku: médico > mediku; óptico > optiku.
  • ica + a > -iku: mecanika > mekaniki; física > fisiki.

21 “U”az amaitzen dizen berbak

Mugagabin, batun eta bizkaieraz “u”az amaitzen dizen berba asko, “-o”az amaitzen di ondarrutarrez. Adibidez, “dirurik> diroik”, “Zapatu Santua > Zapato Santu”, “armozu bat> armozo bat”, “ze motibu? > Ze motibo?”, “hiru lehengusu > hiru lehenguso”, “lekurik? > lekoik?”, “esku bat > esko bat”...

22 Egon eta Ixan aditzak

Honek aditzok nahastin ebiltten douz sarri: “Berandu ailla naz / na”; “Berandu ailla gaz / ga” e.a. Baiñe, beti “Berandu ailla di / diz” eta sekule bez “Berandu ailla daz”. Zeaittik? Beatu daigun hauxe tabliau:

  BIZKAIERAZ ONDARRUTARREZ
  IZAN EGON IXAN E(G)ON
NI naz nago naz na(go)
HI haz hago ---------- ----------
BERA da dago da da(go)
GU gara gagoz ga(ra) ga(go)z
ZU zara zagoz za(ra) za(go)z
ZUEK zarie zagoze zaze za(go)ze
EURAK dira/diraz dagoz di(ra)/di(ra)z da(go)z

“Egon” aditzaz ze gerta dan nahiku argi geatzen da: adizki guztik “go” galdu dabe. “Ixan” aditzin ez da haiñ argi, baiñe pluraleko gehixenetan behentzat “ra” desagertu de; eta “zarie” oso-osoik, laburtutako forma modun bebai. Beste hiru adizkittan atzanengoko “Z” geatzen da bi aditzon arteko desbardinttasun marka bakartzat (naz/na, ga/gaz, za/zaz); eta gaiñea aditz batetik bestea salto eitten dau (naZ = ixan; gaZ = egon; zaZ = egon). Normala dakauen nahasti eukitti, eta eguneroko berbetan ze aditz dabiauen be ez jakitti: “Berandu ailla gaz” esaten douenin “Berandu ailegatu gagoz”, edo “Berandu heldu gaude” gaz esaten. Hau de, ondarrutarrez idatzieran pentsa ein bihir douela jakitteko zein aditz erabilli, “Egon” ala “Ixan”. Halako zalantzak argitzeko (Berandu ailla na / naz? Itargixai beide za / zaz?), adizkixak pluraleko 3. pertsonan (Berandu ailla diz = Ixan = naz; Itargixai beide daz = Egon = zaz), edo lehen aldixan ipiñi leikez (Berandu ailla nitxan = Ixan = naz; Itargixai beide zeuazen = Egon = zaz). Bide bixak leko bardiñea darue, eta eguneroko berbetan gaitxaua bada be, idatzieran behentzat bereizten ahaleginddu bihi' giñake.

KONKLUSIÑOIK

Ondarrutarrez idazteko oiñarrizko gixa baten proposamena dozue hau. Lehelengoko urratsa baiño ez da, eta ziurrenik ez zaze eongo ados hamen plantea douzen gauza guztikin. Gu geu konforme geatuko ga, ondarrutarrez idazteko gixa edo araudi gitxiengo baten premiñi dakauela konbentziu bazaittuau. Zelaku? Hoixe eztabaidioi biztuti lortu badou, pozik eoteku de: batzun ustez ondiokan sinpliaua ixan bihi'litxake; beste batzuntzat ostea, letra guztik idatzi bihir gendukez; berbak batute idaztin aldekoik be eongo da; eta apostrofin kontrakoik... Hamen kasun, hausnarketa teorikuk emoten daben oiñarrixaz, praktikotasunea jo dou, eta hauxe idatzixau dozue horren adibideik garbixena.

Gauza batzuk nahiku argi ikusten douz: Ñ, LL, TT eta DD letra bikoitxan erabilpena bultzatzi; berbak banatute idazti, apostrofi erabillitte, nahi bada; eta ahoskatzen ez douzen letrak ez idazti (batez be R eta G); tildin erabilpena singularra eta pluralan zalantzin kasutan...

Beste batzuk, ostea, geuk be ez dakauz argixei: bustiduri eraitten daben “I” idatzi bihir dan ala ez; “D”k “R”n soiñu hartzen dabenin, zelan idatzi; ETA partikulin tratamientu e.a. Eta eon badaz aittatu baik laga douzen kustiñoik, ez gazelako euretaz jabetu, edo ez douzelako platerea ata: hauxe ixan leike, X letrin kasu euskeraz soiñu bat dakarrena (frantseseko CHn eta ingleseko SHn antzeaku), eta beste hizkuntzetan K+S modun ahoskatzen dana .

Ikuste'zuen modun, zalantzaz betetako proposamena laga'tsuau. Eta ezin leikin beste era batea ixan. Ze gauzi be ez da, onarte bakoitxak nahi edo ahal ixan daben modun jorratu daben ortun sartu, goittik behera kuadrikula eta kuadrikula bakoitxe zelan goberna bihir daben inposati, ezta mundutik jakintsuena edo boteretsuena ixanda bez. Hori zits eta bits arautu nahi ixati ixango litxake, onarte ixelako arau esplizitoik eon ez dan esparru. Eta arauk, nahaste eta zalantza pillo bat konpontzeko lagungarrixak (eta batzutan ezinbestekuk) badouz be, enparagarrixak bihurtzen di pertsonin sormen ahalmena ittoteko klasan ugaritzen dizenin. Bihir bada, hauxe dou geure loba kuttunai laga geinkenik eta ondorengotzaik aberasgarrixena.

Edozelan be, idaztik beti ekarten dau ze pentsa. Eta era standar baten idazten saiatzen gazena geure berbeti danin, gehixa ondiokan. Berbeti idatzieran, ahuan dabiauenan ingurun pentsaten dou, estruktura bat emoten saiatzen ga, erregulartasunak eta salbuespenak billatzen. Idaztik, azken fiñin, geure berbeti aztertzea eruten gaittu, eta hortxe prozesun jabetzen ga eguneroko berbetan dabiauzen bitxittasunakin eta akatsakin: “Ixan” eta “Egon” aditzan artin dakauen nahastin jatorrixe, idatzixan gaiñin einddako hausnarketiai esker topa dou behentzat. Eta honek okerrok paperan gaiñin islatzi eta zuzentzi, lagungarrixe ixango dou berbeti bera zuzentzeko ordun.

Gotzon Iparragirre Burgoa eta Naroa Leon Pazos

Ondarrun, 2004ko abendun 7xan.

Gune osoan bilaketa

Iniciar la búsqueda