Albisteak

Puntu lila 

AZAROAREN 25a:
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna

Beste urte batez, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta,Ondarroako Udalak biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromiso hartzen du; eta aurten ere, gazteengan jarri nahi dugu arreta. Izan ere, indarkeriaz gain, errespetua, askatasuna, autonomia eta berdintasunean oinarritzen diren harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko beharra ikusten dugu.

2011a hasi zenetik 7 emakume erail dituzte Euskal Herrian eta milaka dira komunikabideen bitartez jasotzen ditugun kasuen berri . Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da. Lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira. Gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere baliatzen dute.

Azken urteotan, hedabideek, erakundeek eta jendarteak gainditu beharreko arazotzat hartu izan da Emakumeen kontrako Indarkeria. Sarritan hori guztia “gaitza” bezala definitu izan da, erantzulerik ez balu bezala. Jendarteak, emakumeek, eta batez ere neska gazteek pairatzen duten indarkeriaren aurrean ez daki nola jokatu; oraindik eredu matxistak dirau oinarrian.

Tratu txar fisikoak eta hilketa matxistak baino haratago joan behar dugu indarkeriari buruzko ikuspuntu globala barneratzeko. Hori dela eta, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakonetik eraldatu behar dira, baita gizon eta emakumeen harreman afektibo eta sexualak ere.
Horri guztiari ekiteko, erreferente positiboak behar dira. Gazteek eredu kaltegarriak antzemateaz gain, maitasuna eta sexualitatea modu aske eta berdintsuagoan bizitzen ikasi behar dute. Gazteekin eguneroko jarrera txiki horiek landu nahi ditugu, horrek duen garrantziaz jabe daitezen.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Ondarroako emakumeen Udal berdintasun Kontseiluak Udalbatza Osoari eskatzen dio adierazpen hau osotasunean bere gain hartzea eta dagozkion konpromisoak betetzea.

  • Horren guztiaren jakitun, Udal honek konpromisoa hartzen du berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, koordinatu eta osoa garatzeko, batez ere, neska gazteekin eta neska gazteentzat lan eginez.
  • Indarkeriari aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontuan, besteak beste heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak.
  • Azkenik, GONBIDATU EGITEN ZAITUZTEGU, azaroaren 25ean, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta izango diren ekitaldietan  parte hartzera.