Albisteak

 

Lehiaketa honen helburua da Ondarroako Udal Euskara Batzordea ezagutzera emango duen diseinu grafiko bat aukeratzea. Lan irabazlea Batzordearen ekintza guztietan iragarriko da gero.

Ondarroako Udal Euskara Batzordearen eginkizun nagusia da euskararen erabilera normalizatuaz arduratzea, eta horretarako, normalizatzeko neurriak proposatu eta planak garatzea. Bi jarduera-gune nagusi ditu: alde batetik, Udal barruko jarduera, eta bestetik, herriko esparru zabala: familia, merkataritza, lan-mundua, zerbitzugintza... Horren helburua da euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea, herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzeko.

OINARRIAK:

1.  Parte hartzea:

Edonork parte har dezake, banaka zein taldeka. Egile bakoitzak lan bi aurkeztu ahal izango ditu, gehienez. Eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira.

2.  Lanaren ezaugarriak:

Logotipoak testu hau eramango du: Ondarroako Udal Euskara Batzordea.

Lanak aurkezteko neurria: DIN-A4. Paperean eta euskarri informatikoan aurkeztuko dira.

Edozein teknika onartuko da logotipoa aurkezteko, baldintza bakar batekin: inprimategian bikoizteko balio izan behar du.

3.  Lanak noiz eta nola aurkeztu:

Lanak inolako kalterik jaso ez dezan, behar bezala babestuta aurkeztuko da. Azalean izenburua idatziko da: Ondarroako Udal Euskara Batzordearen logotipo lehiaketa.

Lanean bertan ez da egilearen izenik aipatuko. Atzeko aldean izenorde bat eta izenburua agerian dituela aurkeztuko da.

Egilearen datuak, berriz, (izen-abizenak, helbidea, telefonoa, posta helbide elektronikoa eta NA zenbakia.) aparteko gutun-azal itxi batean jasoko dira eta lanarekin batera aurkeztu. Eta gutun-azal horren aurreko aldean egilearen izenordea adieraziko da.

Ondarroako Udal erregistroan aurkeztuko dira lanak, goizeko 9:00etatik 14:00etara bitartean, helbide honetan: Kantoipe kalea, z/g (946 863 672 tel.)

Lanak aurkezteko epea martxoaren 15ean arratsaldeko 14:00etan amaituko da. Eta postaz bidalitakoak ere egun horretara arte onartuko dira.

4. Epaimahaia:

Epaimahaiak bost kide izango ditu eta honela osatuko da: Udal Euskara Batzordeko batzordeburua, batzordeko kide bi eta aholkulari bi.

Epaimahaiaren esku dago saria eman gabe uztea. Nolanahi ere, erabakia hartuko du martxoaren 30a baino lehen.

5. Saria:

Sari bakarra izango da: 500,00 €-ko diru-kopuru gordina, eta dagozkion atxikipenak aplikatuko dira (PFEGZ).

6. Jabetza:

Epaimahaiak erabakia hartu eta gero, hilabeteko epe bat egongo da saritu ez diren lanak parte hartzaileek jaso ditzaten. Epe horretan lanak jaso ezean, egileek jabetzari eta lana berreskuratzeari uko egiten diotela ulertuko da.

7. Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar. Eta oinarriok interpretatzerakoan zalantzarik sortuz gero, berriz, epaimahaiari dagokio erabakia hartzea.