Albisteak

 

2014an eskualdeko hondakinak eta zamarrak batzeko dagoen kontratua amaitzen da.

Hori dela eta 2013 hasieran Lea Artibaiko Mankomunitateak ikerketa bat agindu zuen, eskualdeko hondakin bilketaren egoera zein zen ezagutu, eta alternatibak proposatzeko. Baldintza bakarra ipini zuen: etorkizuneko aukera guztietan organikoa banatuta jaso behar zen.

Ikerketak bi datu argi laga zituen: bata, gaur egun eskualdean oso gutxi bidaltzen dela birziklatzera; bestea, eskualdeko herririk gehienetan atez ateko hondakinen bilketa pertsonalizatua izango litzatekeela gehien birziklatuko lukeen eta kostu txikiena izango lukeen sistema.

Ikerketa horren emaitzak hartuta, Ondarroako Udalak parte hartzeko prozesu bat ipini zuen martxan udazkenean. Datuak erakutsi eta herritarrekin sistema desberdinen abantailei eta desabantailei buruz berba egiteko. Batzarretara agertu ziren gehienek argi esan zuten Ondarroarako atez atekoa izango litzatekeela bilketa sistema onena, gehien birziklatzen duena delako eta gainera etorkizunean gastu gutxien edukiko lukeena delako.

2013ko abenduan txosten berri bat egiten hasi da Amankomunazgoa. Oraingoan herri bakoitzak zein sistema nahiko lukeen esan du, eta horren arabera estimazio zehatzak egingo dituzte, herri bakoitzean zelako datuak eta zelako kosteak edukiko dituzten jakiteko.

Ondarroako udalak eskatu du hobeto aztertzeko Ondarroan atez ateko sistemak edukiko lituzkeen kostuak eta irabaziak. Hile batzuk barru jakingo dugu ea benetan atez atekoa Ondarroan ekonomikoki beste sistemak baino bideragarriagoa den. 

Sistema berri bat ipintzeko dauden oztopoak gainditzeko beste pauso batzuk ere ematen dabil udala: eskualdean konpostaje planta bat egiteko baimenak eskatzen, adibidez.

Hondakinak banatu eta birziklatzea herritarren betebehar bat da, eta udalak etorkizuneko helburua argi dauka: urte batzuk barru, birziklatu ahal diren hondakin guztiak birziklatu behar ditugu. Baina helburu horretara ailegatzeko pausoak herritarrekin zehaztu nahi ditugu. Udalari atez atekoa sistema ona iruditzen zaio helburu horretara ailegatzeko.

Herritarrek batzarretan esandakoa baloratu eta udalaren erabakia azaltzeko, batzarra ospatuko da abenduaren 26an (eguena), arratsaldeko 19:00etan Kofradia Zaharrean.

Kartela (PDF KB)