Albisteak

 

18:00etan Kofradia zaharrean izango den bileran herritarren ekarpenak jasotzea du helburu

Urtarrilaren 27an, 18:00etan, Kofradia Zaharrean, Aniztasun plana osatzeko azken bilera izango da. Bertan, orain arte herritarrekin batera landutako Ondarroako Aniztasun Planaren zirriborroa aurkeztuko da, ekarpenak jaso eta denon artean azken dokumentua osatzeko.
Gaur egungo egoeran joan-etorriak, migrazioak eta, haien ondorioz aniztasuna etengabe handitzea erronka izaten jarraitzen du elkarbizitzari dagokionez. Honenbestez, gure herriko kohesio elementu bilakatzeko, aniztasun horren kudeaketa egokia behar dugu. Bai erakundeak, baita eragile eta norbanakoak ere; kudeaketa hori herritar guztioi dagokigu.

Prozesu parte hartzaile honen helburu orokorrak hauexek dira:
- Ondarroan egin berri diren jatorri aniztasuna eta elkarbizitzari buruzko azterlanak herritarroi zuzenean ezagutaraztea. (“Ondarroarren jaiotza lekuen mapa eta biztanleriaren bilakaera. Azterlan kuantitatiboa, 2014” eta “Aniztasuna eta Elkarebizitza Ondarroan. Diskurtsoak eta Hautemateak, 2015.”)
- Gai honen inguruan norbanako herritar eta eragileen arteko hausnarketa eta eztabaida sustatzea, zuen iritziak jasoz eta diagnosia osatuz.
- Aurrera begira, ondarroarren  jatorri aniztasunaren oinarrian, kultur komunitateen arteko elkar ezagutza eta elkar harremana bultzatzeko ANIZTASUNAREN PLANA sortzea.
Honetarako, herritar eta elkarteak hiru lan talde edo eztabaida eremuetan antolatu dira. Eta hauek izan dira prozesuak jarraitu dituen urratsak:
Hiru eremuetariko bakoitzari dagokion lan saioa ospatu da: azaroak 11 Hezkuntza eremua, azaroak 18 Kirola eremua, eta abenduak 2 Kultura eremua. Lehen lan saio hauen ondoren, eta urtea amaitu aurretik, eremu bakoitzeko bigarren bilera bat egin da.

Jatorri eta kultura ezberdinen arteko elkar ezagutza, elkar aitortza eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko, Ondarroako Udalak Aniztasun Plana osatu nahi du. Eta orain, jasotako emaitzen itzulketa egiteko partaidetza prozesuaren azken bilera ospatuko dugu.

Eguna: Urtarrilak 27
Ordua: 18:00
Lekua: Kofradia zaharra