Albisteak

 
Heba Nuseibeh, Mayson Qawasme eta Ohaila Shomar emakumeen elkarte palestinarretako ordezkariek hitzaldia eskainiko dute, otsailaren 17an, 18:00etan Etxelilan. HItzaldiaren aurretik gure herria ezagutu eta baita Etxelilako dinamika gertutik ikusteko aukera izango dute hiru ordezkariek. Aipatzekoa da Amal Syam ere Euskal Herrian egingo duten bisita labur honetara etortzekoa zela baina Gazatik irtetzeko baimena lortzeko arazoak izan ditu. Behar duenarentzako haurtzaindegi zerbitzua egongo da, baina beti lez, martitzena baino lehen abisatu beharko du interesa duenak.

Ohaila Shomar Jerusalem ekialdetik dator eta SAWA elkarteko zuzendaria da. SAWA Jerusalemen sortutako  irabazi asmorik gabeko elkartea feminista eta laikoa da. Beraien helburua mota guztietako indarkeriaren aurka borrokatzea da eta bakearen kultura sustatzeko lan egitea. Gauza askoren artean, SAWA elkarteak laguntza psikologikoa eskaintzen die indarkeria, batez ere sexuala, pairatu duten emakume eta haurrei doako telefono baten bitartez. Telefono honek Gaza, Cisjordania eta Jerusalem ekialdean funtzionatzen du eta hilean 2.000 kasu berri iristen zaizkiela zehaztu dute elkerteko kideek.

Mayson Qawasme Cisjordaniatik dator eta beste gauza askoren artean, Hebron WAFA Palestinako albiste agentziaren ordezkaria da. Horretaz gain, emakumeei formakuntza emateaz arduratzen den Woman Active Society of Hebron elkarteko zuzendaria da eta Iniciativa Palestina para la Promoción del Diálogo Global y la Democracia, MIFHTA gobernuz kanpoko erakundearen koordinatzailea da. Bukatzeko, Women’s International League for Peace and Freedom, WILPF taldeko kide ere bada Qawasme.
Azkenik, Heba Nuseibeh ere Jerusalem ekialdetik etorriko da Ondarroara eta Women´s Center for Legal Aid and Counselling elkarteko komunikazio ofiziala da. Elkarte feminista da aipatutakoa eta 1991. urtetik gaur egun arte babes legala, aholkularitza eta emakumeak babesteko zerbitzuak eskaintzen ditu.