Albisteak

 

Hitzaldiak, helduentzako ipuin musikatuak, dantzaldia, bertsokalejira… antolatu ditu Ondarroako Udalak eta Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak martxoak 8, emakumeen egunaren harira. Feminismoa martxan, gora emakumeon borroka! izango da aurtengo leloa eta emakume errefuxiatuen egoeraren salaketak protagonismo berezia izango du martxoko egitarauan.

Milaka arrazoi ditugu emakume izate hutsagatik pairatzen dugun diskriminazio, esplotazio eta indarkeriak salatu eta borrokatzeko adierazi du Idurre Ibazeta Berdintasun arloko zinegotziak. ‘Horien artean ezin ditugu ahaztu beraien etxe eta bizimodua atzean utzi eta beste herrialde batzuetara babes bila joatera behartuak izan diren emakume guztiak’ gaineratu du Ibazetak. Horregatik, martxoaren 8an emakume hauen egoera azaleratzea erabaki dute Ondarroan.

Errefuxiatuak diren emakumeen egoera herrira gerturatzeko, ihes egoera ezagutu duten emakumeen lekukotza ezagutzeko, martxoaren 9an, 18:00etan Etxelilan Trinidad Vicente eta Maryam Fathik ‘Emakume errefuxiatuak: indarkeriak beteriko bide luzea’ izeneko hitzaldia eskainiko dute. Vicente Giza eskubideen Institutuan eta Deustuko unibertsitatean ari da lanean eta Fathi berriz, Kurdistanetik bere jardun politikoagatik ihesean etorritako errefuxiatu politikoa da.

Emakumeen Nazioarteko egunaren harira osatutako egitaraua baina, martxoaren 6an hasiko da urteroko lasterketa morean. Lea-Artibai eskualdetik autobusa joango baita Lilatoira. Martxoaren 8a, 19:00etan kontzentrazioa eta lore banaketa izango dira urtero legez Alamedan. Sufragistak filmaren emanaldia, hotzikara ipuin erotiko musikatuen ikuskizuna, bertsokalejira feminista eta luntx eta dantzaldia ere izango dira hurrengo astean Ondarroan. Hilabete amaieran, martxoaren 22an, ‘memorias de mujeres educadas en prisión: En silencio sobre la cárcel de Saturraran’ hitzaldia izango da Etxelilan, Uxu Emakumeen Taldeak antolatuta.

 Egitaraua ikusi (PDF 964KB)