Albisteak

 
LEKEITIOKO, MARKINA-XEMEINGO ETA ONDARROAKO UDALEK ERRENTA AITORPENA EUSKERAZ EGIN DEZATEN ANIMATU NAHI DITU HERRITARRAK

Dagoeneko errenta aitorpena egiteko garaia heldu da, eta Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako udalek, euren Euskara Zerbitzuen lankidetzak sustatuta, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten animatu nahi dituzte.
Horretarako, errenta aitorpena egiten duten erakundeetan jarriko dira kartelak, eta erakundeotako zuzendariei udalerri honetako egoera soziolinguistikoa errespetatu eta herritarrei euskaraz egiteko aukera eman diezaioten eskatuko diete udalek, hala nola, herritarrak animatzeko lan horretan bidelagun izan daitezen. Izan ere, errealitateak erakusten digu urteetan nagusitu diren joerek eraginda, euskaldunok erdaraz egin ohi ditugula tramite asko eta asko, diru-kontuak badira, are gehiago. Herritarrek euskararen erabileran aurrera pausuak ematea da helburua, arlo honetan batez be.
Herritarrak animatzeko lanean, gainera, udalek errenta aitorpena euskaraz egitearen garrantzia eta egiteko bideak jasotzen dituen esku-orri bat zabalduko du datozen egunetan herritarren artean.
Kanpaina xumea bada ere, emaitzak urterik urte hobetzen doaz, baina oraindik asko dago egiteko; batez ere gogoan hartzen badugu gure udalerrietako eta eskualdeko herritar gehienak euskaldunak direla.