Albisteak

 

Hirugarren urtez, aurten, literatura egitarau bat antolatu du Ondarroako Udalak udazken honetarako. Udal euskara batzordeak hainbat ekimen antolatzen ditu literaturari emanak, bada, horren guztiaren emaitza jendaurrera agertzeko parada izango dugu egun horietan zehar. Egitaraua osatzeko hainbat emanaldi prestatzen dihardugu, herritar guztientzako eskaintza zabala eta gustukoa, hala nola:

Urriak 30:

  • Augustin Zubikarai Nobela beka deialdiaren emaitzak: Alde batetik, Garazi Kamiok iaz jaso zuen bekari esker publikatuko du orain bera nobela: Orube abandonatuak, eta Durangoko Azokarako prest egongo da, Elkarrek argitaratuta. Liburuaren aurrerapenaz jakin nahi duenak aukera izango du Joxemari Urteagak elkarrizketatuko du-eta idazlea.
    Bestetik, aurtengo beka nork jasoko duen ere laster jakingo dugu, eta horren aurkezpena ere Literatur Amuak egitarauan egingo da.
    Idazle saridunekin batera izango ditugu baita ere nobela sariaren epaimahaikideak: Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendiguren idazleak.
  • Ipuin-rallyaren III. Edizioko sariak aurkeztuko dira; herriko ikastetxeekin lankidetzan burutu da literatur ekimen hau.
  • Nanoipuin lehiaketaren III. edizioko sari-banaketa egingo da. Eta ekitaldi horretan bertan, 140 karakteretan idatzitako hiru ipuinik onenak entzuteko aukera izango dugu. Parte hartu nahi baduzu, ez galdu aukera, galdetu Udal euskara zerbitzuan (94 683 36 68 - mrey@ondarroakoudala.net). Lehiaketa irekia da, adin guztietakoak euskal literaturara hurbiltzeko. Zure idazle-gaitasuna proban jarri nahi baduzu, animatu eta parte hartu. 140 karaktereko ipuin, zergatik ez? Edozein pertsonak eta edozelako adina duenak har dezake parte. Hiru sari emango dira: lehenengo saria: 400,00 €, bigarren saria: 200,00 €, eta hirugarren saria: 100,00 €. EPEA: 2014ko urriaren 20a arte.
  • Eta Mikel Etxabururen Hodeiak zapatetan liburutik poesia errezitaldia zuzen-zuzenean entzuteko eta gozatzeko aukera.
    Eta egun horietan zehar, gainera, emanaldi ederrekin gozatuko dugu, dela antzerki, dela kontzertu eta abar. Horiek laster jakinaraziko ditugu.

LIBURUEN AMUAK

Hileko azken zapatuetako hitzordua irakurleentzat.

Gogoratu, bestalde, irakurleak laster hasiko direla euren hileroko hitzorduarekin Txomin Agirre Udal Liburutegian, zapatu goizetan. Bi ordu hilean behin liburu baten gainean jarduteko, Liburuen Amuak irakurle taldearen hitzorduak. Galdetu Udal Liburutegian (94 683 33 43) edo Udal euskara zerbitzuan (94 683 36 68). Lehenengo hitzordua URRIAK 25, 10:00etatik 12:00etara, Txomin Agirre Udal Liburutegian Virginia Woolf-en Gela bat norberarena liburua hizpide.