Albisteak

 
Topaketan emakume aktibistak izan dira protagonista eta UNMS (Emakume saharauien  Batasun Nazionala) taldeari babesa ematen dion Euskal Sarea izan da bertan. 
Emakume saharauien erresistentziari babesa emateko Nazioarteko III. Hitzaldia ekainaren 14ko asteburuan izan zen Aaiun-en, eta lehenengo aldia izan da okupatutako Mendebaldeko Saharan mundu mailako topaketa bat egin dena. Gertaera historiko honek herri horren borroka baketsua nabarmendu nahi izan du, berrogei urte baino gehiago baitaramatzate Marokoren okupazioaren mende.
Hitzaldiak Europako hainbat ordezkaritza eta emakume elkarteren laguntza izan du, baita saharar herriari elkartasuna adierazten dioten Estatu Batuetako eta Latinoamerikako elkarteena ere. Euskal eta kanariar parlamentari batzuek ere babesa eman diote. Emakume saharauien Batasun Nazionalari babesa ematen dion Euskal Sarearen (Ellacuria Saria 2012) ordezkari bezala Ermua eta Ondarroako kideak egon dira. María Rosario Arrizabalagak, euskal sareko kideak, emakume saharauiek pairatzen duten indarkeria salatu du eta sareak babesa ematen jarraituko duela berretsi du, “autodeterminazioaren aldeko borroka baketsu honetan”.  Esperientziak partekatu eta gizon eta emakumeok berdintasunean bizi ahal izango garen gizarteak sortzeko ari gara lanean”.
Emakume saharauien egitekoa
Ekitaldiaren helburua zera izan da: emakume saharauiek beren herriaren aldeko borrokaren baitako erresistentzia baketsuan egin duten ekarpena ezagutzea. Horrekin batera, Marokok okupatutako lurraldeetan pairatzen duten giza-eskubideen urraketa larriak aipatu beharra dago. Kongresuko parte-hartzaileek indarkeria horren biktima izandako emakume aktibisten testigantzak entzun ahal izan dituzte: torturak, larderiak, bahiketak, atxiloketa arbitrarioak eta atxiloketak jasandakoak.
Topaketan marokoar poliziaren presentzia handia egon zen, eta horren ondorioz Saharako aktibistek ezin izan zuten parte hartu.  Aaiun-en egon ziren ordezkari atzerritarrek salatu dute hirira sartzeko zailtasunak izan zituztela, eta egonaldi osoan zehar segika ibili zaizkiela eta grabatu egin dituztela. Jakinarazpen baten bidez adierazi dute “ezer ezin dela konparatu saharar zibilek sistematikoki jasaten duten giza-eskubideen urraketaren ondoriozko  sufrimenduarekin”. Gainera, salatu dute herri horrek oraindik ere ez dituela elkartu eta askatasunez adierazteko eskubideak.
Giza-eskubideen urraketa horiek MINURSOren aurrean salatu dira (Mendebaldeko Saharako Erreferenduma egiteko Nazio Batuen Misioa). Aktibistek erakunde horri eskatu diote bere helburuak betetzeko eta horien artean giza-eskubideak betetzen direla egiaztatzeko, “lekuko mutua” izaten ez jarraitzeko. MINURSO da hori betetzea bermatzen ez duen Nazio Batuetako misio bakarra.