Albisteak

 

1. DEIALDIAREN XEDEA
Oinarri hauen xedea Artibai Egoitzan aldi baterako zerbitzuak emateko indarrean dagoen operario-laguntzaileen lan-poltsa osatzeko deialdia egitea da.
Operario-laguntzaileen lan-poltsa zabaltzeko deialdi honetako probak gainditzen dituzten hautagaiak lan-poltsa sortzeko deialdia gainditu eta 2016an sortutako zerrendako hautagaien atzetik joango dira deialdi honen 9.1 artikuluan agertzen den moduan.

2. FUNTZIOAK
- Egoiliar bakoitzari bere gaitasunak uzten dion neurrian eguneroko aktibitateak burutzeko motibazio eta laguntasun zuzena ematea.
- Laguntasun osoa behar dutenei egin behar guztiak burutzea, bakoitzaren duintasuna errespetatuz.
- Egoiliarren eguneroko garbitasuna, jantzi eta apainketa egitea.
- Goizero egoiliarra altxatu ondoren gela jaso eta txukuntzea.
- Operario bakoitzak 4-5 egoiliarren jantziaren eta ondasunen ardura izatea.
- Egoiliarra egoitzara sartzen den momentutik hilero eta maiztasun bat jarraituz diziplina anitzeko taldeen bileretan parte hartzea, eta horren arabera egoiliarrekiko helburuak eta lan metodoak finkatzea.
- Egoiliarrekiko osasun arazoen prebentzioaren alorraz arduratzea eta honen inguruan erizainei berri ematea.
- Prebentzioa lantzeko oheratuei postura aldatzea.
- Barne funtzionamendu egokirako planteamendu berriak eta proposamenak egitea eta lan talde osoaren artean lantzea.

3. HAUTAGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK
3.1. Aldi baterako lan-poltsa honetan parte hartzeko nahitaezkoa da:
a) Europar Batasuneko lurralderen bateko nazionalitatea izatea (baliozko NA, pasaporte edo gidabaimena aurkeztuz egiaztatuko da, edo 17/1993 Legeak, abenduaren 23koak, ezartzen duen atzerritarren identifikazio agiriaren bidez); berauen ezkontide izatea beti ere zuzenbidearen arabera banatuta ez badaude; berauen –bataren zein bestearen- ondorengo izatea hogeita bat urte baino gutxiago badituzte, edo gehiago izanda ere menpeko pertsonak badira.
b) Langileen zirkulazio librea ezartzen duten eta Europar Batasunak sinatu ondoren Espainiak berretsi dituen Nazioarteko Hitzarmenaren eremupeko pertsonak izatea.
c) Aurreko puntuetan azaldutako atzerritarrak, baita bizileku legala Espainian duten atzerritarrak ere.
d) Gutxienez 16 urte eginda izatea, eta derrigorrezko erretirorako adina bete gabe izatea.
e) Honako zerbitzu hauetakoren batetik ez apartatuta egotea diziplina espediente bidez: Estatuko, autonomia erkidegoetako, tokiko administrazioetako edo bere menpeko enpresa zein erakundeetako zerbitzuetatik; era berean, ezingo du izan eginkizun publikoak betetzeko ezgaitasunik.
f) Hizkuntza Eskakizuna: Beteko duen lanerako ahozko eta idatzizko euskara maila nahikoa izatea, gutxienez 2. Hizkuntza Eskakizunaren pareko maila eskatuko da. Maila hau egiaztatzeko dagokion egiaztagiria aurkeztuko da, eta egiaztagiririk eduki ezean, Udaleko Euskara Zerbitzuak maila hau betetzen dela egiaztatzeko prestatutako proba gainditu beharko da.
g) Erizain laguntzaile, klinika laguntzaile, geriatria laguntzaile edo arreta sozio-sanitarioko titulua edukitzea, edo titulua eskuratzeko eskabidea egin eta tasak ordainduta edukitzea.
3.2. Aurreko eskakizun guztiak, f) atalekoak izan ezik, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dituzte, eta balorazio-prozesu osoan bete beharrekoak dira, hau da, kontratua izan arte.

4. ESKABIDEAK ETA ONARPENA LAN-POLTSAN
4.1. Lan poltsa zabalkunderako deialdi honetan parte hartu nahi dutenek hala adierazi behar dute Ondarroako Udaleko Erregistroan dagokion eskabidea beteta, eta ondorengo agiriak ekarri:
o Agiri hauetako baten fotokopia konpultsatua: NA, atzerritarren identifikazio agiria, pasaportea edo Estatuan balioa duen gidabaimena.
o Zinpeko aitorpen bat honakoa adierazteko: ezgaituta ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko, eta ez dagoela berezituta diziplina espediente bidez Estatuko, autonomia erkidegoetako, tokiko administrazioetako edo bere menpeko enpresa zein erakundeetako zerbitzuren batetik.
o Erizain laguntzaile, klinika laguntzaile, geriatria laguntzaile edo arreta sozio-sanitarioko tituluaren kopia konpultsatua, edo titulua eskatu izanaren eta dagozkion tasak ordaindu izanaren agiriaren kopia konpultsatua.
o Egiaztatzea lortu nahi den lanpostuaren antzeko postuetan aritu izana eta aritutako epea egiaztatzen duten agiriak hala badagokio.
4.2. Eskariak Udaleko Erregistroari Laguntzeko Bulegoetan aurkeztu beharko dira, edo bestela Administrazio Publikoen Prozedura Administratibo Erkidearen 39/2015 Legeak bere 16.4 artikuluan ezarritako beste eratan. 10 eguneko epea egongo da eskariak aurkezteko oinarri-arau hauek Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu direnetik.
Eskariak aurkezteko epea amaituta, 4.1. puntuan aipatutako dokumentazioari dagozkion akatsak edo gabeziak ikusten badira, bost eguneko epea emango zaio interesdunari berauek zuzentzeko. Gabezia edo akatsak zuzentzen ez baditu emandako epearen barruan, eskaria bertan behera utzi duela ulertuko da.

4.3. Alkateak onarpen ebazpena emango du eta onartutakoen behin-behineko zerrenda ebatziko da, eta www.ondarroa.eus webgunean eta Udalaren iragarki taulan argitaratuko da Datu Pertsonalen Babeserako 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoarekin bat. Ebazpen honen aurka erreklamazioa aurkeztu ahal izango da ebazpena jakinarazi eta bost eguneko gehienezko epean.
4.4. Aurkeztutako erreklamazioak Alkatetzaren Dekretu bidez ebatziko dira. Erreklamazioak ebatzi ondoren, edo erreklamaziorik ez balego, berauek aurkezteko epea igaro ondoren, hautagai onartuen eta ezetsien behin betiko zerrenda onartuko da alkatetza dekretu bidez, eta aurreko puntuan ezarritako moduan publikatuko da.

5. EPAIMAHAI KALIFIKATZAILEA
Epaimahai Kalifikatzailearen osaera honakoa izango da:
- Epaimahaiburua: Udaleko Idazkaria, Gorka Lauzirika Urberuaga
- Kideak:
o Udaleko Gizarte Laguntzailea, Marivi Bidasolo Bollar
o Idazakaritzako administraria, Victor Bengoetxea Larrinaga, idazkari lanak ere beronek egingo ditu.
Epaimahai aholkulariak izan ditzake.
Epaimahaiak baimena du sortzen diren zalantzak ebazteko eta oinarrietan aurreikusitakoa ez dagoen guztian beharrezko erabakiak hartzeko.
6. HAUTAKETA PROZEDURA
Hautaketa prozedura oposaketa-lehiaketa sistema bidez burutuko da: oposaketa fasea derrigorrezkoa eta baztertzailea den ariketa baten bidez gauzatuko da, eta lehiaketa fasean merezimenduak baloratuko dira.
7. OPOSAKETA FASEA
Elkarrizketa kurrikular bat egingo da. Elkarrizketaren balorazioa 10 puntukoa izango da, eta ariketa gainditzeko gutxienez 5 puntu lortu beharko dira.

8. LEHIAKETA
Merituak eskari orriarekin batera aurkeztu beharko dira. Epaimahaiak lan esperientzia baloratuko du 8 puntura arte emanaz. Hirugarren adinekoen egoitza publikoetan zein pribatuetan antzeko zereginetan lan egindako hilabete oso bakoitzeko 0,20 puntu emango dira gehienez ere 8 puntura arte. Hilabeteen frakzioak ez dira aintzat hartuko.
Merituak soil-soilik honako agiri hauen bidez baloratuko dira:
a) Egoitza publikoetako esperientziari dagokionez, hauetan egindako zerbitzua egiaztatzeko egoitza hauetako organo eskudunak emandako agiri bidez. Bertan jaso beharko dira edukitako lan-kategoria eta lanpostua, funtzioak, denboraldia eta dedikazioa zehaztasunez.
b) Egoitza pribatuetako esperientziari dagokionez, hauetan egindako zerbitzua egiaztatzeko nominak, lan-kontratuak, laneko bizitza egiaztagiria edo enpresa ziurtagiri bidez. Edonola ere, ematen den dokumentazioak jaso egin beharko du zerbitzu horietan izandako lan-kategoria eta lanpostua, funtzioak, denboraldia eta dedikazioa zehaztasunez.

9. LAN POLTSAKO ZERRENDA
9.1. Epaimahaiak hautagaiak baloratuko ditu aurreko oinarrian azaldutako moduan. Ondoren zerrenda osatuko du lortutako puntuazioaren arabera, puntu gehien lortu dituenetik hasiz eta puntu gutxien ditueneraino. Atal bakoitzean lortutako puntuazioa agertu beharko da.
Berdinketa gertatuz gero honela jokatuko da:
a) Lehentasuna emakumezko hautagaiari emango zaio
b) Berdinketak segituko balu, lehentasuna esperientzia gehien duen hautagaiari emango zaio.
c) Berdinketak segituko balu, lehentasuna antzekoa den lan batean lehenen hasitakoari emango zaio.
9.2. Lan poltsako ordenari jarraituko zaio hautagaiak kontratatu beharra dagoenean.
9.3. Hautagaiek 2. Hizkuntza Eskakizuna kreditatzen ez badute euskarazko proba bat egin beharko dute eskakizun honen pareko maila egiaztatzeko. Hautagaiak proba hori gainditzen ez badu lan-poltsatik kanporatuko da.
9.4. Poltsak hurrengo Egoitzako Operarien Enplegu Publiko Eskaintza izan arteko iraupena izango du, eta orduan ere luzatzea erabaki daiteke.

Azken xedapena.Lehena.- Lan-poltsa hau aplikagarri izango da erizaintza laguntzaileen lan-poltsa modura postu hauek sortu eta berauetarako sarbidea egiteko barne promozio prozesua egin ondoren ere.
Azken xedapena. Bigarrena.- Testu honen jatorrizkoa euskaraz idatzia dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen artean interpretazio-auzirik sortuz gero.