Albisteak

Berdintasuna 

Mendeetan, mugimendu feministak lan handia egin du egun demokratikotzat ditugun balore horien konkistan, emakumeen eskubideen defentsan, jendarte justuago bat lortzeko. Lan guzti horien fruituei esker egun eskubide batzuez gozatzeko aukera dugu (hala nola, bozka eta politikagintzan aritzeko eskubidea, ikasteko eskubidea, lan munduratzeko aukerak, prakak jantzi ahal izatea … ). Ildo beretik, kontzientziazio lan handiari esker ere, ageriko indarkeria sexista identifikatu eta erasoei mugak jartzeko lanean ari gara: egun ez da bortxaketarik onartzen, ez da emakumea jipoitzerik edo erailtzerik onartzen. Ez dugu ahaztu behar, urteak eta urteak behar izan direla hauen normalizazioarekin apurtzeko, “etxe barruko gaia” ez dela onartzeko, denon arazoa dela aitortzeko.
Hala ere, oraindik lan asko dugu egiteko arlo hauetan. Aurtengo jaien testuinguruan, harago joan eta sotilago diren indarkeria mota horiek salatzeko kanpaina kaleratu da. Hain nabariak ez diren indarkeria horiek, maila sinbolikoagoan daudenak: mikromatxismoak.
Sotilagoak izanda, gure jendartearen sustraietan aurkitzen diren indarkeria mota sinbolikoak dira. Eta normalizatuta agertzen badira ere, sekulako eragina dute emakumeon bizitzotan: kontrolatuz, gorputzak eraldatuz, zer esan, zer jantzi, nola eseri, non ibili … mugatuz. “Normaltzat” ditugunez, ez diegu aparteko garrantzirik ematen, baina badute, gainontzeko indarkeria sexista guztien oinarri direlako. Izan ere, badirudi jaien baitan dena onartzen dela: ligatzeko denak balio al du? Xelebrearenak egiteko jendaurrean neska bati burla egiteko orduan dena al da zilegi?
Gainera, horrelako eraso baten aurrean isilik geratu ordez erantzuten badugu, histerikoak, esageratuak eta paranoikoak garela esaten da eta erasotzailea aldiz inpune.
Hain zuzen ere, aurtengo jaietako kontzientziazio kanpainaren helburua hauek bistaratzea eta salatzea izan da, besteak beste muralen bitartez. Zortzi muralez osatutako konposatua izan da zehazki aukeratua jaien testuinguruan ematen diren eraso sexistak identifikatu eta bistaratzeko. Gauza guztiekin gertatzen den moduan, kanpainak ere eztabaidagarriak dira: batzuei gehiago gustatu ei zaie eta beste batzuei gutxiago. Berez, kanpainaren beraren helburuetariko bat ere horixe bera zen: eztabaida sortzea, eraso sexisten gainean berba egitea, hor daudela aitortzea, inpunitaterik ez egoteko, erantzuna emateko.

Hala, esandako guztia kontutan hartuta, Ondarroako Berdintasun Kontseiluko taldeetako partaideok eta norbanako feminista batzuk, honakoa adierazi nahi dugu:
- Ekintza edo mural publikoen gaineko kritika eta eztabaida publikoak zilegi dira (eta aberasgarriak). Baldin eta errespetuz eta gaiarekin lotuta egiten badira, inolaz ere ez eraso pertsonalik.
- Kanpaina hau era kolektiboan hausnartu, diseinatu eta exekutatu da, nahiz eta ondoren, kritika eta erasoak pertsonalizatuak izan diren.  Hau honela gertaturik, idatzi honen sinatzaileok, gure elkartasun osoa adierazten diegu kanpaina honen harira eraso sexistak jasan dituzten emakumeei.
- Feminismoan lanean jarraituko dugu jendarte anitz eta parekidearen alde, emakumeen eskubideen eta askatasunen defentsan. 

Sinatzailea:  Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseilua