Jaiak

 
Hiribilduaren urteurrena
  • Ondarroa Hiribilduaren urteurrena

    2002an ospatu zen estreineko aldiz Erdi Aroko azoka, Ondarroa sortu zeneko 675. urteurrena ospatzeko. Harrezkero 2004an egin zen berriro eta bata 2008an ere, irailaren azken larunbatean beti. Baina ez da urteroko azoka bat, izan ere aparteko dedikazioa eskatzen du, herritar askoren ahaleginari esker antolatu izaten da-eta. Herriko taldeek ikuskizun bereziak prestatzen dituzte (kontzertuak, dantzak, antzezpenak...) herritarrak mozorrotu egiten dira garai hartako jantziekin eta herriak, egun batez, Erdi Aroko Itxura hartzen du. Eguneko jai polita izaten da..

  • Kafe Antzerki jardunaldiak

    Udala 1992an hasi zen Jardunaldi hauek antolatzen Txo! Antzerki Kolektiboaren iniziatibaz. 1995etik 2000ra ez ziren antolatu, eta orduan Udal Kultura Batzordeak berreskuratu zuen ardura hori. “Antzerkia jendea dagoen tokietara erotea” da ekimen honen helburua eta horretarako antzezlanak herriko kafetegi eta tabernetan izaten dira. 2008koarekin jardunaldien XII. aldiz egin da..

  • Pedro Mari Unanue Musikaldia

    Pedro Maria Unanue (1814-1846) ondarrutar tenore ospetsuaren omenez, Ondarroako Udalak Unanue Fundazioa eta Unanue Udal Musika Eskolarekin batera, urtero, Unanue Musikaldia antolatzen du, uztailean zehar. Bertan, musika klasiko emanaldiak, musika barrokoaren emanaldiak (antzinako musika tresnekin), orkestra sinfonikoen emanaldiak eta gala lirikoak (zarzuela eta operak) nabarmendu daitezke. Ekainaren azken barikuan hasi eta abuztuko lehen barikuraino irauten du Musikaldiak, astero emonaldi bat eskainiz. Dagoeneko XX ediziotik gora antolatu dira.

  • Euskal Herriko Txistularien kontzertua

    1998tik, ekainean eta urtero, Ondarroako Txistulari Elkarteak Euskal Herriko txistulari ugari biltzen ditu Andra Mari Elizara urteroko kontzertura. Txistulariekin batera, Kantaize Ondarroako Orfeoia aritzen da lanean, baita metal boskotea, herriko dantzariak eta bertsolariak.

  • Kresala Kultur Elkartearen Astea

    1964an sortu zen Kresala Kultur Elkartea. Urtero, maiatzaren bigarren hamabostaldian, Kresala Kultur Elkarteak urte osoan zehar landutako ikastaroak kalera ateratzen ditu: dantza taldea, musika banda, trikitilari taldea, kitarra taldea, txistulari taldea, txalaparta taldea, umeen abesbatza… Kalea musikaz eta jaigiroz betetzen dute.

  • Arranondo Kultur Alkartearen Urteurrena

    Maiatzean, Arranondo Kultur Alkarteak bere urtebetetzea ospatzen du. Ospakizunetan hitzaldi eta ekitaldi bereziak antolatzen ditu. 1990etik elkarteak Arranondo hilabetekaria kaleratzen du herriko buzoietan doan.

  • Alkoholiko Anonimoen urteurrena

    “Edateari utzi nahi badiozu, zatoz gugana”. Esaldi honekin laburbiltzen du elkarte honek bere helburua, alkoholismoaren aurrean arazoak dituztenei euren laguntza osoa eskaintzea. 1970ean sortutako herriko talde hau Bizkaiko zaharrenetarikoa da zeregin honetan. Maiatzaren lehenengo hamabostaldian, elkartearen urteurrenarekin bat prebentzino jardunaldiak antolatzen dituzte: hitzaldiak ugari izaten dira irrati, ikastetxe zein herriko hitzaldi aretoan.

  • Musikaz Blai!

    Herriko musika taldeen ekitaldia da Musikaz Blai izenekoa, beraiek dira-eta protagonista nagusiak. Aberastasun handia dago herrian: edozenbat musika talde, abesbatzak bat baino gehiago, akordeoi taldea, metal taldea, txistulariak...Eta herritarrek ere badute musikarako zaletasun handia. Horregatik antolatzen du Udalak musika emanaldi hau, herriko aberastasun musikal horren erakustaldia egiteko eta entzuleen nahia.

  • Munduko haizea - Musika eta Dantza jaialdia

    Udako jaialdi bat da; uztailean hasi, San Ignazio egunaren bezperan, eta abuztuaren lehenengo astera arte egiten da jaialdi hau herriaren erdi-erdian, Itsasaurre plazan instalatutako karpa handi baten aterpean. Mundu osoko haizeek ekarrita bezala, mundu osoko herrialde ezberdinetako musika eta dantza taldeak entzun eta ikusteko aukera egoten da.