Jai Nagusiak

Andramaxak

Andra Mariak: Abuztuaren 14tik 17ra dira Ondarroan Jai Nagusiak Andra Mariaren omenez. Leokadiren jaitsierarekin ematen zaie hasiera, pertsonaia hau elizako teilatutik bajatzen da, Kortxeleko Mamuen artetik, eta herriaren urteko errepasoa egiten du bere bidean. Jaietako egunik handiena 17a da, Arrantzale Eguna. Herri osoa mahoizko arropa urdinekin kaleratzen da, arrantzaleen lanerako betiko erropekin. Ohikoa izaten da elkarte gastronomikoetan marmitakoa egitea (atuna osagai nagusi moduan duen  lapikokoa). Bigarren platera, atun errea edo atuna kipularekin izaten da. Jaietan musika eta alaitasuna dira nagusi, beste leku askotan legez, baina Ondarroan oso ezagunak dira Leokadi eta bere kortejua, estropadak, kukaña, antzarrak eta kaleko giro berezia eta euskalduna.

Zapato Azule: Ekainaren azken larunbatean*. 1998an, Bolo-bolo herri aldizkarikoek sortu zuten jai hau Alde Zaharra indartzeko asmoarekin eta aspaldiko San Pedro eguna era berrituan berreskuratzeko. Jai honen barruan txitxarroak, taloak eta giro bikaina. Ondarrutartasunaren jai leihoa da. Festa honen barruan Euskal Herriko kamiseta azoka egiten da Plaza Gainean (Zubi Zaharraren alboan) eta Dinamartxa antolatzen da, bizikleta martxa, Tolosatik Ondarroaraino, Dina Bilbao ondarrutar triatleta ospetsuaren omenez. Egun honetan, derrigorrezkoa da mahoiz edo arrantzale janztea.

Antxoa Egune. Maiatzeko hirugarren zapatuan ospatzen da antxoaren inguruko jaia*. Pintxoak, jolasak, hainbat ekitaldi eta giro paregabea.

*Konfirmatu datak Turismo Bulegoan: 94 683 19 51 / 
turismobulegoa@ondarroa.eus

Auzoetako jaiak

  • Ekainaren 4tik 8ra: Kaleandiko Jaiak. Buruhandiak eta danborrada dira jaietako ekitaldi nagusiak. Kaleko nagusien omenezko bazkaria. Kalandi Kultur Elkartearen eskutik.
  • Ekainaren 8an: Kamiñazpiko Jaiak. Egun osoko festa. Kontzertuak eta gazteentzako topagunea. Kamiñazpiko Jai Batzordeak antolatuta.
  • Ekainaren 15ean, Iparkalekoen Eguna. Auzokoen bazkaria
  • Ekainaren 22an, Astillerukoen Eguna. Auzoko LaPandillikoen bazkaria.
  • Ekainaren 24an. San Juan Jaiak Gorozika auzoan. Baserri giroko festa. Euskal dantzak, bertsolariak eta erromeriak nagusi
  • Ekainaren 29an, Kantoipekoen eguna. Auzokoen bazkaria.
  • Uztailaren 25etik 28ra. Santixa Jaiak. Galiziarrak eta Galiziar jatorrikoak ugariak dira Ondarroan. Ondarroako Galiza Etxeak Santiago Apostoluaren omenez galiziar giroko jaiak antolatzen ditu. Euren jakiak dastatzeko aukera egoten da: lakoia, enpanada, olagarroa eta Ribeiroko ardo finak.
  • Uztailaren 31n, San Ignazio Jaiak. Loiolako Inazioren ama Ondarroan jaio zen Likona Dorrean. Horregatik Kalandi Kultur Elkartekoek Likona Dorreko ingurua Erdi Aroko banderez eta ikurrez janzten dute.
  • Abuztuaren 6an. Pikupe Jaiak. Auzo hau Mutriku izan arren ondarrutar ugari bizi da bertan. Umeen danborrada egiten dute eta auzokoen afaria.
  • Abuztuaren 10ean, Asterrikako San Lorentzo Jaiak. Baserri giroko jaiak. Bertsolariak, euskal dantzak, herri kirolak eta erromeria nagusi.
  • Abuztuaren 11, Kalare Deuna Eguna. Santa Klara ermitan festa ospatzen da: meza, dantzak eta ardo gozoa banatzen da gozoekin.

Gainerako jaiak

Euskal Herriko ohiturei jarraituz, nagusienak hauexek dira:

Santa Ageda bezpera : herriko umeak eta abeslariak kalez-kale ibiltzen dira santa eskean.

Lantzoia

Inauteriak. Karnabal zapatu iluntzean Lantzoia ateratzen da, euren buruak jauntxotzat dituztenei barre egiteko eta “lantzoia” deitu aurpegira. Karnabal martizenean herriko ume guztiak ateratzen dira kalejiran eta herri osoa zeharkatzen dute. Ikuskizun ederra hauxe. Martitzen gauean, Akularen enterrua izaten da, ostean Zubi Zaharretik behera botatzeko. Uretara bota baino lehen, obispoak letaniak irakurtzen ditu: gauza txarrak eroan eta ederrak ekartzeko eskatzen zaio Akulari.

Aste Santuak: Aita Piedadeko Aita Eterno kalera ateratzen dute prozesioan Eguazten Santu arratsaldean. Bariku Santu goizean berriro bere kaperara itzultzen dute. Ostean Santa Kurutz mendiko baselizara igotzen dira herritarrak Jesukristoren 14 egonaldiak gogoratzera. Bide osoan zehar, 14 gurutze daude, ibilaldi honen seinale.

San Juan bezpera gaueko suak (ekainaren 23an). Urteko gaurik luzeena, gau majikoa bihurtzen da. Lorak banatzen dira Alamedan izpiritu gaiztoei aurre egiteko, eta amaitzeko, suaren bueltan dantzan egiten da, garbitasuna irudikatzeko.

Santa Zezili (azaroaren 22an). Ondarroa herri musikaria da. Egun honetan herriko musika eta abeslariak kalez kale ateratzen dira.

Santo Tomas (abenduaren 21ean). 2001ean Zubi Zahar Ikastolakoek, Ondarroarako egun hau berreskuratu nahirik, txorizo egosiak eta sagardoa banatzen ibili ziren Alde Zaharrean.

Gabonak (abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra). Olentzero eta errege magoak umeen nahiak betetzen dituzte.

*Konfirmatu datak Turismo Bulegoan: 94 683 19 51 / 
turismobulegoa@ondarroa.eus

  • Ospakizun Bereziak
  • Turismo bulegoa
  • Euskalmet