Alde zaharra

Alde Zaharra

Hiribildua hondatu zuten sute desberdinen ondorioz, batik bat ehun bat eraikinen galera eragin zuen 1794koaz geroztik, Ondarroako hirigune historikoan erdi-aroan altxatutako oso eraikin gutxi kontserbatzen dira. Alabaina, antzina harresitura egon zen hiri-bilbadurak jatorrizko trazatua mantentzen du eta Erribera, Kale Handi eta Txomin Agirre kaleak abaniko forman elkartzen dira Andra Mari elizan.

Orube sakon eta estuetan pilatutako etxeek oraindik ere lehen urteetako hirigintza gotikoaren arauak jarraitzen dituzte. Lursail malkartsuetan kokatuak, mailaka eraikitzen dira, hortaz zenbait eraikinek fatxada nagusian sei solairu dituzte eta atzekoan bi baino ez.

1994an Eusko Jaurlaritzak Ondarroako hirigune historikoa Kultura Ondare aitortu zuen Monumentu Multzoen mailan.