Ondarroa 2020

Zer da Ondarroa 2020 prozesua?

2013-2020 epealdia kontutan hartuta, garapen ekonomikoaren gaineko hausnarketa egiteko prozesua jarriko da martxan. Udalerriaren garapen ekonomikoarekin lotutako erronka nagusiak identifikatzea da helburua, eta horretarako estrategiak proposatuko dituzte partaideek, diagnostikoa egin ostean.

Zeintzuk gidatuko dute prozesua?

Prozesuaren hiru eragile nagusiak Lea Artibai Garapen Agentzia, Elhuyar eta Ondarroako Udala izango dira, eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte.

Zelan antolatuko da prozesua?

Hausnarketa estrategikoa bi arloren inguruan egingo da: Industria- Arrantza eta Merkataritza-Turismoa.

Lanerako guneak 3 izango dira: Bata, arlokako bi lan taldeak (merkataritza eta arrantza sektoreetako kideak batuko dituztenak). Besteak, kontraste taldeak (mota desberdinetako herritarrak batzeko). Amaitzeko, Garapen batzordea (hor prozesua dinamizatzen duten erakundeak batuko dira eta jarraipena egingo dute).

Zenbat iraungo du prozesuak?

Prozesuaren lehen zatiak 2012ko urritik 2013ko martxora iraungo du, eta 4 fase barnebilduko ditu:

  1. Aurrelanak: Prozesua martxan jarri ahal izateko lanak.
  2. Gaur egungoa: Jorratuko diren bi arloen gaineko errealitatearen azterketa.
  3. Aurrera begirakoa: Ondarroako garapen ekonomikorako erronkak identifikatzea eta horiek lortzeko bideak zehaztea.
  4. Amaiera: Prozesua eta emaitzak herritarrei aurkeztea.

Hortik aurrera, emaitzak praktikara eroateko prozesua ipiniko da martxan.

Zelan parte hartu ahal dut?

Prozesu honetan parte hartu nahi duenak, Industria-Arrantza edo Merkataritza-Turismoa lan taldeen artean aukeratu beharko du eta komunikazioa@ondarroakoudala.net -en edota udaleko 94 683 36 76 telefonoan eman dezake izena. Kontraste taldean ere parte har dezake nahi duenak. Horretarako, nahikoa da batzarretara agertzea.

Zergatik egingo da prozesu hau?

Garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzea lehentasunezko kontua da udalarentzat, are gehiago, bi esparru horiek zuzenean kolpatuak izaten ari diren garaiotan.

Ondarroa historikoki arrantza sektoreari lotua egon da. Sektore horren gainbehera ukaezina den honetan, udalerriaren garapen eta bideragarritasunari buruzko gogoeta abiatzea derrigorrezkoa da. Udalerriaren etorkizuna luzaroan hizketagai izan beharko dugun gaia da eta, gainera, ondorioak norbanako, eragile eta sektore ezberdinen elkarlanetik eratorriko dira.

Horregatik, hausnarketa prozesu honekin, gogoeta horri hasiera ematea bilatzen du udalak. Hausnarketa hori topagune anitza eta jarraia izan beharko da.

Herri bezala ditugun erronkak ez dira bakarrik udalarenak, ez alderdi politiko batenak ezta alderdi politikoenak ere soilik. Hausnarketa prozesu hau herritar guztiek leku izango duten topagune anitza bilakatzea lortu beharra dago. Norbanakoek, herriko taldeek, sindikatuek, alderdi politiko guztiek eta eragile sozialek beraien iradokizun eta proposamenak luzatzeko aukera izango duten lekua.

Honelako hausnarketa prozesuekin, parte hartzearen kultura bultzatuz herritarrak eta eragileak subjetu aktibo bilakatzea bilatzen da. Izan ere, hausnarketa prozesuaz batera, Udal garapen batzordea ernaldu eta martxan jartzeko helburua ere badauka udalak. Hau da, prozesuan ateratzen den ekintza planari jarraipena emango dion batzordea.

Hausnarketa prozesua ondo hasi dadin, herritarrak prozesu honetan parte hartzera animatu nahi ditu udalak, Ondarroaren etorkizuna denon esku baitago.

OND 2020