Antolaketa

 

Zeintzuk dira Ondarroaren etorkizuneko erronkak?

  • Ondarroa 2020 prozesuko bigarren tanda ospatu da neguan
  • Herriak etorkizunerako dauzkan erronkak zehaztu dituzte herritarrek
  • 3. tandan erronkan betetzeko plangintza egingo da

Udazkenean Ondarroaren diagnostikoa egin eta gero, herriak etorkizunerako dauzkan erronkak zehaztu dituzte herritarrek. Neguan zehar egin diren hiru batzarretan merkatariek, arrantzarekin lotutako pertsona eta enpresek eta beste hainbat herritarrek hurrengo urteetan hartu beharreko norabideari buruz berba egin dute.

Turismoari eta merkataritzari dagokionez, herriko ondasun material eta inmaterialei balio eman behar zaiela adostu zuten: ohiturei, monumentuei, identitateari... horretarako, seinaleak ipini edo ibilbideak egitea proposatu zuten. Herrian bertan kontsumitzeko ohitura bultzatzea, eta ostatuen eskaintza hobetzea ere garrantzitsutzat jo zuten bertaratutakoek. Azkenik, Ondarroaren irudia zaindu beharra azpimarratu zuten, bai marketing irudi bat sortuta, eta baita herriaren irudi fisikoa zainduta: garbitasuna, estetika...

Jarduera askoko portuaren bila

Arrantzari dagokionez, eragileek garrantzitsutzat jo zuten ahots bakarrarekin erakunde publikoei eskariak egitea. Lonja baten beharra ere azpimarratu zuten, dagoen zerbitzua hobetu eta kanpoko txalopa gehiago erakartzeko. Lonja hori herriko paisaiara egokitutakoa izan beharko litzatekeela uste dute sektoreko kideek, eta turismoarekin lotura ere eduki beharko lukeela. Hau da, posible izan beharko litzatekeela bertara bisitak egitea, arrantzaren prozesuak ezagutu ahal izateko. Ondarroak eta bere produktuek marka bat edukitzea, eta hori ondo saltzen jakitea beharrezkoa ei da, eta gazteak arrantzara hurbiltzea ere bai, baldintza egokietan lan egingo duten kooperatiben bidez, adibidez. Azkenik, portua bestelako enpresen kokaleku bihurtzea ere aipatu zuten bertan lan egiten dutenek.

Herritar guztiei zabalik egindako hirugarren batzarrak aurreko bi bilerek esandakoa sendotu zuten: arrantzak etorkizunik edukiko badu, lan baldintzak hobetu egin behar direla, eta arrainaren transformazioa herrian bertan egin behar dela aipatu zuten. Portuak beste jarduera batzuetarako duen potentzialitateaz ere jakitun dira herritarrak: turismoa, industria... Herriaren potentzial artistiko eta zientifikoa bultzatu beharra ere gehitu zuten, eta herriko eragile guztiak gitxieneko helburu komun batzuetan ados ipini beharra.

Prozesuaren hirugarren tanda martxoan burutuko da. Azken fase honetan, herritarrek egoerari buelta emoteko eta helburuak lortzeko ekintza zehatzak planteatuko dituzte.

 

Ikusi argazkia