Udalak neurriak hartuko ditu Atxazpiko zabortegian


-         Zabortegiko horma eutsi, eta itsasoa kontaminatzaileengandik babestuko da
-         2014-2015ean, ekintza plana egingo da, eta ostean, obrari ekingo zaio
 
Ondarroako Udalak hainbat neurri hartuko ditu Atxazpiko zabortegian, eragin ditzakeen kalteei aurre hartzeko. Zabortegiko horma eutsi nahi da, eta egin beharrekoak egin elementu kontaminatzaileak itsasora heldu ez daitezen. Aurten eta datorren urtean, ikerketa eta ekintza plana egingo dute, eta datorren urtetik aurrera hasiko da obra.
 
Nahiz eta Berriatuko lurretan egon, Atxazpiko zabortegia Ondarroarena da. 1960ko hamarkadatik 1998ra arte, hau da, zarratu zuten arte, obra hondakinak eta etxeetako beste hainbat hondakin Atxazpiko zabortegira botatzen ziren.
 
2011tik 2012ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak eskatuta, Tecnalia enpresak martxan ez dauden EAEko zabortegi publikoak ikertu zituen, tartean, Ondarroakoak (Atxazpi, Gorozikako bidekoa eta Errenteriakoa). Ikerketan jaso dutenez, Atxazpin obra hondakinen osagai kutsatzaileak kostaldera jausten dira, eta oinarria arrakalatuta dago. Azken batean, neurri batzuk hartu beharra ikusi dute. Tecnaliak honakoak proposatzen ditu: hesien perimetroa zabaltzea, landaredia zaintzea eta euri urak bideratzeko sistema bat ezartzea obra-hondakinak itsasora joan ez daitezen. Zabortegiaren horma indartzea ere proposatu dute.
 
Horren aurrean, Udalak ikerketa eta ekintza plan bat egingo du Tecnaliarekin, bi urtean. 2014an, lurrazalaren egonkortasuna aztertuko da, zabortegiaren hormari zelan eutsi jakiteko. Izan ere, teknikariak hasi dira zundaketak egiten. 2015ean, lixibatua zelan kontrolatu aztertuko dute (euri urak lurrean sartzean eta elementu kutsatzaileekin batutakoan sortzen dena) lur azpitik itsasora joaten delako. Bestalde, drenaje sarea egin behar da, urak lur azpira joan ordez, beste leku batera bideratu daitezen, eta sare hori zelan egin aztertuko dute 2015ean. Behin ekintza plana egindakoan, obra egin beharko da.
 
Obrako kostuak oraindik aurreikusi gabe, txosten tekniko hutsekin, udalak 37.000 euro gastatu beharko ditu. Hori bai, IHOBEren diru laguntza jasoko du aurtengo plana idazteko.
 
Bistan denez, hondakinak txarto kudeatzen direnean, hurrengo belaunaldientzat dira arazoak: arazo ekonomikoak eta ekologikoak. Sasoi baten obra hondakinak zabortegira bota zirelako, orain, udalak dirutzak gastatu behar ditu.
 
Lehengo okerrak gehiago errepika ez daitezen, berziklatu eta berrerabil dezagun.