Antolaketa

 
Aretoa

Ondarroako Udal Emakumeen Batzordeak azaroaren 25aren inguruan Graciela Atencio argentinarrak zuzendutako “Emakumeen Errepublika” ikastaroa antolatu zuen 2004ko azaroan. Bertan, emakumeok jasaten dugun indarkeria matxista identifikatu, aztertu eta salatu genuen. Era berean, emakumeok antolatu eta indarkeria matxistaren aurka borrokatu egin behar dugula azpimarratu zen. Herri, auzo eta toki guztietan talde feministen beharra nabarmendu zuen Atenciok. Ikastaroaren ondorioz Uxu, Ondarroako emakumeen taldea sortu zen. Izan ere,  Ondarroan 70ko hamarkada amaieratik hainbat talde feminista egon badira ere azken urteetan talde feministaren hutsunea zegoen herrian.

Uxuren sorreran zortzi emakumek parte hartu genuen, adin, pentsakera, esperientzia eta era ezberdinetakoak. Egun, lau partaide gara, baina laguntzaile ugari ditugu. Udaletxe Zaharreko 3. solairuan batzen gara ostiraletan.

Emakumeon zapalkuntzaren eta berdintasunik ezaren aurka borrokatzeaz gain, Uxuren helburua berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzea da. Emakumea izateagatik ez jasatea indarkeria matxista, pobrezia, langabezia, soldata txikiagoak, erabakitzeko gunetatik bazterketa, lanaldi bikoitza,...

Gogoratu emakumeok ditugun eskubideak mugimendu feministaren borrokari esker lortu direla.

Hainbat gai landu ditugu ekintza ezberdinen bidez eta era guztietako tokietan. Adibidez, emakumeen aurkako indarkeria, zaintza, sexu-askatasuna, maitasun erromantikoa, feminismoa, partaidetza politikoa, etxeko langileen egoera, artea, autodefentsa, emakume etorkinen egoera, menopausia,…

Martxoak 8, kartela

Urtero martxoaren 8aren (Emakumeen Nazioarteko Eguna), ekainaren 28aren (Sexu-askatasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna) eta azaroaren 25aren (Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna) inguruan ihardunaldiak eta emakume artisten erakusketa antolatu ohi izan ditugu.

Hitzaldiak, antzerkiak, kale-ekintzak, mahai-inguruak, erakusketak,…antolatu ditugu feminismoa, sexu-askatasuna eta indarkeria matxista lantzeko.

Emakume artisten erakusketei dagokienez, emakumeek egindako artea erakusteaz gain, emakumeok espazio publikoan agertzea beharrezkoa deritzogu. Izan ere, emakumeok oztopo gehiago ditugu espazio publikoan azaltzeko.

Azaroaren 25eko ihardunaldietan Olee kultur elkarteak erakusketak egin ditu eta antzerkietan Txo! Antzerki Kolektiboak, Traman & Brix antzerki taldeak, Dantza Garaikideko ikastaroko partaideak, Garazi Etxaburu dantzariak eta Josu Etxaburuk lagundu digute.

Uxuren ustez, emakumeok eta bereziki talde feministak instituzioetan egotea garrantzitsua da. Noski, beti ere, emakumeon proposamenak eta iritziak haintzakotzat hartu eta bertan hartutako erabakiak errespetatzen badira. Benetako partaidetza izanez gero. Izan ere, instituzioen betebeharra da herritarron, kasu honetan emakumeon, partaidetzan oinarritutako politikak bideratzea. Uxuk Ondarroako Udal Emakumeen Batzordean, egun, Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluan parte hartzen du. Emakumeok erabakitzeko gunea izateaz gain, emakumeen arteko elkarlana, adostasuna eta harremanak sendotzeko gune interesgarria deritzogu.

Uxuko partaideon ustez, gure formazioa garrantzitsua da. Jabekuntza eskolaren bidez teoria feminista ezagutu, aztertu eta eztabaidatzeko aukera dugu. Aldi berean, beste emakumeekin harremanak sendotzeko aukera eskeintzen digu.