Etxean sortzen ditugun hondakinen %40 inguru organikoa dira: fruta eta berdura azalak, jateko sobrak, arrain hazurrak... Organiko hori zamar-boltsan sartu, beste hondakinekin nahastu eta kontenedore grisera botatzen badugu, Alonsotegiko errauskailura eroan eta erre egiten dute. Horrek bi arazo dauzka. Bata, zamarrak haraino eroatea garestia dela; bestea, material organikoa errauts bihurtzen dugula. Errauts horiek kontrol bereziko biltegietara eroan behar izaten diztute, toxikoak direlako.

Ondarroako Udaleko Ingurumen Batzordeak egoera horri buelta eman nahi dio. Horretarako, auzokonpost proiektua ipini du martxan, hondakin organikoak zamarretatik atera eta ongarri bihurtzeko. Herriko jardinetan konposta egiteko tokiak ipiniko ditu. Bertan baliabide hauek egongo dira: material organikoa botatzeko konpostadorak (10 familiarentzako bana eta giltzarekin itxita);  material lehorra (adarrak, hostoak, laztoa...) gordetzeko lekua; eta konposta nahasteko tresnak.

Proiektuan parte hartuko duten herritarrek kubo marroiak jaso dituzte, etxean material organikoa banatu ahal izateko. Auzokonpostera sartzeko giltzak ere jaso dituzte, eta eurek nahi dutenean joango dira etxeko material organikoa konpostera botatzera. Prozesua sinplea da: etxeko materiala auzokonpostera bota, material lehorra be bota, tresna berezi batekin dena nahastu eta itxi. Denborarekin, hondakin organikoak ongarri bihurtuko dira, lurrean bizi diren organismoei esker. Konpostatzen den material organikoa ez denez usteltzen, prozesuak ez du usainik botatzen.

Familia hauek ikastaro bat jasoko dute, konposta zelan egin jakiteko. Liburu txiki bat ere erregalatuko zaie, informazio gehiago edukitzeko. Gainera, urte osoan zehar telefono batera deitu ahal izango dute, zalantzak argitzeko. Udaleko brigadako kideek ere ikastaroak jaso dituzte, auzokonpostak zaindu ahal izateko. Udalak kontratatu dituen teknikoek konpostaren kalitatea kontrolatuko dute, konpostaren laginak hartu eta laborategian aztertuta. Behin ongarria lortuta, herritarrek erabili ahal izango dute, euren landareentzako. Bestela, udalak erabiliko du: zabortegi izandako herriko lur degradatuak hobetzeko, jardinetako lurra aberasteko...

Udalaren asmoa urte amaieran halako leku gehiago ipintzea da. Apuntatu nahi duenak, hona idatzi behar du: komunikazioa@ondarroakoudala.net

Apuntatu aurretik auzokonposta bisitatu nahi duenak, udalean eskatu dezake hitzordua, eta ingurumen batzordeko kideek erakutsiko dizkiote auzokonpostak.

  • Gida