Gezur-etxi

Guzur-Etxi sorkuntza artistikorako gune bihurtuko da

Herriko arte sortzaileak proiektua euren beharren arabera moldatzen ari dira.

batzarra

Iazko udazkenean Udalak proposamen bat jaso zuen herriko zenbait artistaren eskutik: Guzur-Etxea arte sorkuntzarako erabilera ugariko gunea bihurtzea. Udalak begi onez hartu zuen ekimena, eta deialdi zabal bat egin zuen, herriko artistak bildu eta proposamenaren oihartzuna baloratzeko. Proiektua interesgarria eta beharrezkoa zela ikusirik, espazio horren antolaketarako eta kudeaketarako lan-taldea sortu zen, 40 artista inguruk osatua.

Udalak, bere aldetik, 30.000 eurotako diru partida aurrikusi eta gorde zuen 2012ko aurrekontuetan, eraikinari egin beharreko egokitzapenei aurre egiteko. Era berean, eta Guzur-Etxearen proiektua norbanakoetan –eta ez taldeetan- oinarrituko dela kontutan hartuta, negoziazio prozesu bat jarri zuen martxan, 2. eta 3. solairuen ohiko talde erabiltzaileak birkokatzeko (Xake Taldea eta Kresalaren Musika Banda).

Bost solairu, bost espazio

Guzur-Etxeak bost solairu ditu, eta udalaren helburu nagusia solairu hauen erabilpena ahalik eta gehien optimizatzea da, herriko artistei gune duin eta egokiak eskainiz, euren egitasmo artistikoak garatzeko: arte eszenikoentzako lagapen-guneak, arte plastikorako tailerrak, eskultura, argazkigintza, filmaziorako platoa...

Lehenengo pisua, formatu txikiko ikuskizunetarako moldatuko da, behar izanen arabera gaur egungo jarduerak (hitzaldiak, batzarrak…) Kofradia Zaharrera bideratuz. Bigarren solairua arte eszenikoetarako erabiliko da. Hirugarrena arte plastikoetarako. Laugarren pisuan batzar gela eta erabilera ugariko gunea egongo da. Amaitzeko, gorengo gelan argazkigintza eta ikus-entzunezko jardueren estudioa ipiniko da.

Prozesuaren diseinua (azpiegitura orokorrak) eta jarraipena erabiltzaileen lan-taldean garatuko da, eta solairu bakoitzak bi arduradun izendatu ditu bere kudeaketa bideratu eta gainontzekoekin koordinazioa bermatzeko. Solairu bakoitzeko erabiltzaileek zehaztuko dituzte euren jarduera ahalik eta hoberen egiteko solairu horretan beharrezkoak diren bitarteko eta azpiegiturak. Eraikinean egingo diren aldaketa eta konponketa asko ere pertsona horiek egingo dituzte, auzolanean, premiazkoa denean udaleko langileen laguntzarekin.

Guzur etxeko proiektua martxan dago eta lehen urratsak ere eman ditu: argazki-erreportaia eta egur-taila ikastaroak. Ongi etorri Ondarroako sorkutza gunera. Zure zain gaude.

guzur-etxea
Proiektu honetan parte hartu nahi baduzu,idatzi hona:jrosa@ondarroakoudala.net
  • Arte eszenikoak