Hirigintza, Obrak eta Zerbitzuak

 

Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak, dagozkion erakundeen baimenak jaso ostean, Artibai errekaren alboko oinezko pasealekua egokitzeko lanak martxan jarri ditu. Zaldupeko oinezko zaldaina berria eta Arrabeta-Goitiz paduraren inguru artera doan bide honek 925 metro ditu.

Ondarrutarrek askotan erabiltzen dituzte paseatzeko bide hauek eta horregatik Udalak 800.000 euroko diru laguntza eskatu zion Enplegu eta Sostengarritasunaren Estatuko Planari, honen bitartez oso kaltetuta dagoen pasealeku hau konpondu ahal izateko.

Pasealeku guztiarentzako azalerako tratamendu berdina erabiliz, dauden azpiegiturak mantenduz eta 2010eko martxoaren 30ean behin betiko onartu zen Aieriko Plan Berezian jasota geratzen den gunean jardun barik berregokituko da zirkuitua. Honekin eta itsasadarraren ezker eta eskumako aldeetan dauden paseatzeko bideekin udalerriaren azalera gehiena oinez egin ahal izango da.

Lanek hiru gune oso desberdin hartuko dituzte. Lehen gunea Zaldupeko oinezkoentzako zaldainean hasi eta Zaldupe eskolaren alboan dagoen espaloian amaitzen da. Beronek 3,7 metroko zabalera du eta 6 metrotaraino zabalduko da, horrela bizikletentzako bidea sartu ahal izango da eta zuhaiztia eta hiriko altzariak hobetu ere bai. Bigarren zatia aurrekotik errekaren bideratzean dagoen harri-lubetarainokoa da. Leku hori urbanizatu gabe dago oraindik eta bertan hogei bat auto-karabana egoten dira aparkatuta inolako antolamendurik barik, horregatik proiektu honek aisialdirako gune moduan egokitzea aurreikusten du, bertan hiri altzariak ere jarriz. Hirugarren eta azken gunea, Aieriko ingururaino heltzen dena, oinezkoei zuzendua egongo da eta hiru metroko zabalera izango du.