Proiektuaren aurkezpena

Ondarrutar naturala

Gure etxeko berbetak prestigioa behar du eta guk, ondarrutarrok, konplexuak kendu. Herrikoa izan, tokian tokikoa ala estandarra, denak dira euskara aberasteko; zenbat eta gehiago erabili, hobeto. Gure herriko berbeta jaso eta gordetzeko ahaleginak aspaldikoak dira, aurretik aitzindariak izan dira langintza honetan eta handiak, gainera, Txomin Agirrerengandik hasita Augustin Zubikarairen lanetaraino lagun asko dira, batzuk baino ez aipatzearren: Jose Mari Azpiri, Andoni Basterretxea, Andoni Arrizabalaga, Antigua Urbieta, Nerea Arrieta, Ana Urkiza eta Mikel Etxaburu ondarrutarrak.

Herriko esaera-bilduma bat ekarri dugu plaza honetara, Naroa Leon Pazos eta Gotzon Iparragirre Burgoa ondarrutarrek egindakoa. Udalak emandako beka baten bitartez aurreko batze lan horiek guztiak aintzat hartu, bildu eta sistematizatu egin dituzte, 2004an amaitutako lana da hau. Horri esker, Ondarroako esaera-bilduma oso bat kontsultatzeko moduan daukagu orain, 1.600 sarreratik gora. Bizi-bizi ditugu horietatik asko eta “ ahotik ez dou galduko ” Ez horixe! Herriko euskara baldin bada euskara aberastuko duena geure burua prestatu behar.

Hain lan handia eginda, guretzat gorde nahi ez eta egoki baino egokiago begitandu zaigu denok abagunea edukitzea gozatu ederra hartzeko eta baita iruzkinak egiteko ere. Hemen jasotakoa gutxiegi irudituko zaio baten bati eta gehiegi, beharbada, besteren bati. Horrela bada, gaizki esanak parkatu eta ondo eginak kontuan hartu. Edozelan ere, jakin ezazue gustura hartuko ditugula zuen iritziak.

2005eko udaberria

Ondarroako Udaleko euskara saila

Gune osoan bilaketa

Bilatu